Futbola
Nanterren
Agentziak | Erredakzioa
UEFAko presidente ohiak ez du ulertzen 'zein den bere papera historia' horretan. Qatarreko Munduko Txapelketaren inguruan egon den ustezko ustelkeria dela eta atxilotu zuten.
Michel Platini UEFAko presidente ohia atzo gauean geratu zen aske, 2018ko Errusiako zein 2022ko Qatarreko Munduko Txapelketen inguruan egon omen den ustezko ustelkeria dela eta atxilotu zuten.
L'Equipe egunkariak esan duen bezala Platini, William Bourdon bere abokatuaz lagunduta, ustelkeriagatik deklaratu egin zuen eta gauean libre utzi zuten. Qatarreko eta Errusiako Munduko Txapelketen kontzesioan irregulartasunak egon omen ziren eta hori leporatzen diote.
Asteartean, atxilotuta
Michel Platini jokalari ohia eta UEFAko presidente ohia atxilotu zuten bart. 2010ean FIFAk Mundiala Qatarri ematea erabaki zuenetik, izendapena beti egon da susmopean. Lehendabizi Estatu Batuetako justiziak ikertu zituen Blatterrek presiditzen zuen erakundearen trikimailuak. Ondoren, beste azterketa bati ekin zion Suitzako Fiskaltzak, oraindik amaitu ez dena, alegia.
Bitartean, Frantzian, Finantzen Fiskal nazionalaren Bulegoak bere ikerketarekin jarraitu du.
Ez da Michel Platini ikertzen duten lehen aldia. 2016an ustelkeria eta azpijokoa leporatu zizkioten eta Kirol Arbitraje Auzitegiak lau urteko kargugabetzea ere ezarri zion.
2013an France Footbal aldizkariak Qatareko mundiala erosi izana salatu zuen, QATARGATE izenpean argitaratutako txostenean. Informazioaren arabera, orduko Frantziako presidente Nicolas Sarkozy, Hamad Al Thani lehen ministroa eta orduko UEFAko presidente Michel Platini Eliseo Jauregian batzartu eta ados jarri ziren bozketa moldatu eta mundiala Qatarri emateko, haien inbertsioen truke. Platinik onartu egin zuen sekretupeko bilera baten parte hartu zuela Eliseoan, bozketa baino hamar egun lehenago.
Geroztik, urak ez dira baretu. Duela hiru hilabete, Sunday Times britainiarrak erakutsi zuen, aukera gehiago izateko, Qatarrek 782 milioi euro eskaini zizkiola FIFAri. Sunday Timesen arabera, erabakia kaleratu baino 21 egun lehenago, sekretupean 355 milioi euro eman zizkion futbol erakundeari. Hiru urte geroago berriz, beste 427 milioi telebista eskubideak zirela eta.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa