Futbola
Gabonetako oporrak
M.D. | eitb.eus
Euskal taldeak astebeteko atsedenaldia izaten ari dira Liga itzuli arte, 30ean, asteazkenean. Euskal Selekzioarekin jokatzeko deituta dauden jokalariak beranduago batuko zaizkie.
Athleticeko jokalariak, azken partida bukatuta / EFE.
Lehen Mailako hiru euskal taldeak egun berean itzuliko dira lanera, 26an, larunbatean, Gabonetako oporren osteko BBVA Ligako 17. jardunaldiko partidak prestatzeko. 30ean, azteazkenean, jokatuko dute hirurek.
Athletic
Athletic larunbatean, hilaren 26an, entrenatuko da berriko. Taldeak sei eguneko oporraldia du, Levanteri San Mamesen irabazita (2-0) etxeko lanak burutu ostean.
Ligako geldialdia atseden hartzeko aprobetxatuko dute, aurrean maratoia dute eta. Liga asteazkenean, 30ean, itzuliko da Athleticentzat. 20:30etan Celtaren aurka arituko da, eta urtarrilaren 17ra arte, Nou Campen jokatu arte, hain zuzen, bost partida jokatuko dute, Ligan, Errege Kopan eta Europa Ligan. Txapelketa guztietan jarraitzekotan, astean bi partida jokatzera ohitu beharko dira.
Zurigorriak hamar jokalaririk gabe itzuliko dira, Eguberri egunetik Euskal Selekzioarekin entrenatuko direnak: Aritz Aduriz, Gorka Iraizoz, Eneko Boveda, Xabi Etxeita, Mikel Balenziaga, Mikel San Jose, Mikel Rico, Javi Eraso, Markel Susaeta eta Iker Muniain.
Eibar
Eibarrek ere astebeteko oporraldia du, igandetik ostiralera. Armaginak Riazorren galduta (2-0) heldu ziren geldialdira.
Merezitako atsedenak Liga hasieran erakutsitako lan bikaina berreskuratzen lagunduko die. Jose Luis Mendilibarren taldeak Sporting hartuko du asteazkenean, abenduaren 30ean, 18:30etan. 16:00etan jokatzekoa zen, baina azkenean atzeratu egin zuten.
Kanpoko jokalariek etxera itzultzeko aprobetxatu dute, eta larunbatean, entrenatzen egongo dira berriro. Ander Capa eta Asier Riesgo, Euskal Selekzioak deituta, behin Kataluniaren aurkako partida jokatuta batuko dira.
Reala
Reala jaitsiera postuetatik oso gertu jarri zen Vila-Realen aurka galdu ostean (0-2), baina lasaitu ahal izango dira jokalariek eta talde tekniko berriak dutenstebeteko oporraldian. Azken partida Eusebioren lehenengo estropezua izan zen Anoetan. Guztira, bi garaipen, berdinketa bat eta bi porrot jaso ditu.
Lehiaketara itzultzea ez da erraza izango, txuriurdinek Santiago Bernabeun jokatuko dute. 30ean 16:00etan, asteazkena, arituko dira Real Madrilen kontra.
Reala larunbatean hasiko da neurketa prestatzen, baina zazpi jokalari ez dira egongo, Euskal Selekzioarekin arituko baitira: Imanol Agirretxe, Jon Ansotegi, Yuri Berchiche, Markel Bergara, Asier Illarramendi, Iñigo Martinez eta Xabi Prieto.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa