Futbola
1-0 Ipuruan
Erredakzioa
Jota Peleteirok egin du armaginei garaipena eman dien gola. Gaizka Garitanoren gizonek Bigarren Mailako txapeldunak izateko aukera handiak dituzte.
Albisteak (1)
Ezin hobeto ospatu du Eibarrek larunbatean BBVA Ligara lortutako igoera, Ipuruan Lugori 1-0 irabazi ostean. Jota Peleteirok egin du armaginei garaipena eman dien gola, eta Gaizka Garitanoren gizonek Adelante Ligako txapeldunak izateko aukera handiak dituzte. Neurketa erritmo handiz jokatu dute bi taldeek, eta biek izan dituzte markagailura gol gehiago igotzeko abaguneak. Azkenean, etxean geratu dira puntuak; ez, ordea, Eibarreko jendea, herri osoa kalera atera baita larunbat gauean, euren jokalariek lortutako balentria ospatzeko.
Gola, zortzigarren minutuan
Lehen zatia Jotak partidaren hasieran lortutako golak baldintzatu du. Zortzigarren minutuan hartu du baloia jokalari galiziarrak, area barruan, armaginak markagailuan aurretik jartzeko. Ezin hobeto dabil Jota Ligaren txanpa erabakigarri honetan: azken partidetan, etengabe ari da aurkarien atea zulatzen. Hortik aurrera, Eibarrek sendo defendatu du bere abantaila; Gaizka Garitanoren mutilek ez dute arazo handirik izan atsedenaldira aurretik iristeko, eta, gainera, eurena izan da beste gol bat lortzeko abagunerik onena. Izan ere, Yurik, falta jaurtiketa bikain batean, zutoinera bota du baloia 45. minutuan.
Bigarren zatian, gogotsu hasi da Eibar, beste gol baten bila, baina etxekoek sortutako aukera onek ez dute ate barruan amaitu. Lugok ondo mugitu du baloia, eta minutu batzuetan arazoak sortu dizkio Eibarri, baina talde galiziarrak ezin izan du berdinketa ezarri. Azken minutueta, emozioa izan da nagusi: Jotak Eibarren bigarrena eraz izan du, baina kanpokoak ere puntu bat urratzetik hurbil egon dira luzapenean, euren atezainaren burukada arriskutsu batean.
Datorren asteburuan, Eibarrek Bigarren Mailako titulua lor lezake. Ahaztezina izan den denboraldi honetarako amaiera biribila izango litzateke.
Fitxa teknikoa:
1 - SD Eibar: Irazusta; Lillo, Albentosa, Arregi, Yuri; Errasti, Dani Garcia; Capa, Jota Peleteiro (Gilvan Gomes, 85. m), Morales (Diego Jimenez, 77. m); eta Mainz (Arrruabarrena, 65. m).
0 - CD Lugo: Jose Juan; De Coz, Pavon, Jorge Garcia, Manu; Seoane; Pablo Alvarez (Pablo Sanchez, 68. m), Alvaro Peña (Rafael Garcia, 78. m), Ivan Perez (Sandaza, 77. m), Iago Diaz; eta Rennela.
Gola: 1-0. 8. minutuan, Jota Peleteiro.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa