Osasuna
1-2, Granadaren aurka
Erredakzioa
Talde gorritxoak 1-2 galdu du Granadaren aurka. El-Arabik sartu du 0-1ekoa, eta Yebdak 0-2koa. Bigarren zatian hobeto jokatu du etxeko taldeak, baina Puñalen gola ez da nahikoa izan.
Granadako jokalariak Osasunari sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Osasunak 1-2 galdu du Granadaren aurka Sadarren. Talde gorritxoak ezin izan dio denboraldiari hasiera ona eman, eta punturik lortu gabe geratu dira lehen jardunaldi honetan.
Lehen zati kaskarra jokatu du Osasunak. Lehen minutuak parekatuak izan diren arren, pixkanaka, Granada nagusitzen hasi da. Minutuak aurrera joan ahala, Andaluziako taldea abaguneak sortzen hasi da, eta 40. minutuan saria jaso du. Nyomek hegaletik pase dotorea eman, eta El-Arabik 0-1ekoa sartu du. Golak min egin dio Osasunari, eta gorritxoek ez dute erreakzionatu. Bazirudien lehen zatia 0-1ekoarekin bukatu zela, baina atsedenaldira iritsi orduko Granadak bigarren gola sartu du. Benitezek ateratako kornerra, bikain errematatu du Yebdak sare barrura (0-2).
Bigarren zatian hobeto jokatu du Osasunak, baina lehen abagunea Granadak izan du. Jokaldi ona egin dute Lucas Alcarazek zuzentzen dituen mutilek, eta Andres Fernandezek baloia desbideratzea lortu du. Gorritxoak ondo jokatzen hasi dira, eta Armenterosek izan du gola sartzeko abagunea, 54. minutuan. Roberto atezainak, ordea, Osasunaren gola eragotzi du. Hurrengo jokaldian etorri da talde gorritxoaren gola. Puñalek area kanpotik jaurtiketa indartsua atera, eta Roberto gaindituta, 1-2koa sartu du.
Puñalen golak esperantza ekarri dio Osasunari, baina 63. minutuan, epaileak Granadaren aldeko penaltia adierazi du. Pitik egin du penalti jaurtiketa, eta Andres Fernandezek erantzun bikaina eman dio, gola eragotziz. 68. minutuan, beste atezaina, Roberto izan da protagonista. Granadako atezainak erantzun bikaina eman dio Armenterosek erremateari. Orio Rieraren jaurtiketa bat ere gelditu du Robertok, 76. minutuan.
Azken minutuetan erasokor ibili da Osasuna, eta arazoak sortu dizkio Granadaren defentsa lerroari. Erasoko azken jokaldian, epaileak ez du Osasunaren aldeko penalti argia adierazi. Iturrak eskuarekin moztu du baloia, baina arbitroak ez du ikusi nahi izan, eta Granadak lortu du garaipena (1-2).
Fitxa teknikoa:
1 - Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Loties, Arribas, Joan Oriol; Puñal, Raoul Loe (Oier, 46. min); Cejudo (Sisi, 46. min), Armenteros, De las Cuevas; eta Ariel Nuñez (Oriol Riera, 66. min).
2 - Granada: Roberto; Nyom, Diakhaté, Murillo, Angulo; Brahimi (Fatau, 85. min), Iturra, Yebda, Dani Benítez (Alvaro, 78. min); Piti (Fran Rico, 87. min) eta El Arabi.
Golak: 0-1, 38. min: El Arabi. 0-2, 47. min: Yebda. 1-2, 57. min: Puñal.
Epailea: Gonzalez Gonzalez.
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:30 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa