Munduko Txapelketa
Qatar 2022
EITB Media
Hego Koreako selekzioak 2 eta 1 irabazi dio Portugalgoari H multzoko azken jardunaldian, eta bi selekzioek egin dute aurrera. Asiarrak multzoko bigarren postuan igaro dira hurrengo fasera, eta europarrak lehen postuan. Uruguairentzat ez da nahikoa izan Ghanaren aurkako garaipena (0-2).
Hego Koreako jokalariak Portugalen aurkako garaipena lortu ostean. Argazkia: EFE
Portugalek eta Hego Koreak 2022ko Qatarko Munduko Txapelketako final-zortzirenetarako sailkapena lortu dute ostiral honetan (abenduak 2). Portugalgo selekzioak aurrera egin du multzoko lider gisa, eta Hego Koreakoak bigarren sailkatu moduan. Ghana eta Uruguai kanporatuta geratu dira.
H multzoko hirugarren eta azken jardunaldian Hego Koreak irabazi egin dio Portugali (2-1), eta Uruguaik Ghana mendean hartu du (0-2).
Portugalen eta Hego Korearen arteko neurketako lehen gola portugaldarrek erdietsi dute; Ruben Horta izan da golegilea (0-1), bosgarren minutuan. Hegokorearren erantzuna 27. minutuan iritsi da: Kim Young-gwonek jarri du banakoa markagailuan (1-1).
Bigarren zatia erritmo bizikoa izan da. Hego Koreak garaipenaren bila jo du, erasokor zelairatuta. Bi taldeei kosta egin zaie abagune argiak sortzea. Hego Koreak aukera argia izan du, baina Hwang In Beomen errematea gelditu egin du Diogo Costa atezainak. Azkenera arte ekinean jarraitu du Hego Koreak, eta saria jaso du Hwang Hee-chanek 91. minutuan sartu duen golari esker (2-1).
Garaipenak Hego Koreari multzoko bigarren postua eta final-zortzirenetarako txartela eman dio.
Fitxa teknikoa:
2 - Hego Korea: Kim Seung-Gyu; Kim Moon-Hwan, Kwon Kyung-Won, Kim Young-Gwon (Son Jun-Ho, 81. min), Kim Jin-Su, Hwang In-Beom, Jung Woo-Young, Lee Kang-In (Hwang Ui-Jo, 81. min), Lee Jae-Sung (Hwang Hee-Chan, 65. min), Son Heung-Min eta Cho Gue-Sung (Cho Yu-Min, 93. min).
1 - Portugal: Diogo Costa, Dalot, Pepe, Antonio Silva, Joao Cancelo, Ruben Neves (Rafael Leao 65. min), Matheus Nunes (Palhinha, 65. min), Vitinha (William Carvalho, 82. min), Joao Mario (Bernardo Silva, 82. min), Ricardo Horta eta Cristiano Ronaldo (Andre Silva, m.65).
Golak: 0-1, 5. min: Ricardo Horta. 1-1, 27. min: Kim Young-Gwon. 2-1, 91. min: Hwang Hee-Chan.
Epailea: Facundo Tello (Argentina). Txartel horiak atera dizkie Lee Kang-In (36. min) eta Hwang Hee-Chan (92. min) Hego Koreako jokalariei.
Ghana – Uruguai (0-2)
Uruguai. Argazkia: EFE
Uruguai nagusi izan da Ghanaren aurkako partidan. Lehen zatian hegoamerikarrak izan dira jaun eta jabe, eta bi goleko abantailarekin iritsi dira atsedenaldira. Baina Ghanak izan du norgehiagokako lehen gola sartzeko aukera 18. minutuan, penaltiz; Rochet atezainak, ordea, gelditu egin du Andre Ayewren jaurtiketa. Uruguairen golak Giorgio de Arrascaetak sartu ditu, 26 eta 32. minutuetan.
Bigarren zatian Ghana desabantaila murrizteko helburuarekin zelairatu da, eta lehen zatian baino abagune argiagoak izan ditu; hala ere, ez dute aurkariaren ate aurrean asmatu. Uruguaik ere eduki ditu errenta handitzeko aukerak, baina hegoamerikarrak ez dira gai izan gol gehiago sartzeko.
Amaieran, Hego Korearen garaipenaren ondorioz, Uruguai kanporatuta geratu da, txapelketan asiarrek baino gol bat gutxiago sartu dutelako. Ghanak ere ezin izan du aurrera egin.
Iñaki Williamsek hasieratik jokatu du Ghanarekin, eta 72. minutuan utzi du zelaia. Afrikako selekzioak agur esan dio Munduko Txapelketari, baita Athleticeko jokalariak ere.
Fitxa teknikoa:
0 - Ghana: Zigi; Alidu, Amartey, Salisu, Rahman; Thomas, Abdul Samed (Kyereh, 72. min); Kudus, Andre Ayew (Bukari, 46. min), Jordan Ayew (Sulemana, 46. min); eta Iñaki Williams (Semenyo, 72. min).
2 - Uruguai: Rochet; Varela, Gimenez, Coates, Olivera; Pellistri (De la Cruz, 65. min), Bentancur (Vecino, 35. min), Valverde, De Arrascaeta; Darwin Nuñez eta Luis Suarez (Cavani, 65. min).
Golak: 0-1, 26. min: De Arrascaeta. 0-2, 32. min: De Arrascaeta.
Epailea: Daniel Siebert (Alemania). Txartel horiak atera dizkie Darwin Nuñez (20. min) eta Luis Suarez (60. min) Uruguaiko jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa