Munduko Txapelketa
Errusia 2018
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Japonia 0-2 joan da irabazten 52. minutuan, baina ezin izan dio bere aldeari eutsi, eta 94. minutuan txapelketatik bota duen gola jaso du.
Belgikarrak garaipenaren gola ospatzen. Argazkia: EFE
Nacer Chadlik luzapeneko azken minutuan (94. min) sartu duen golak final-laurdenak jokatzeko eskubidea eman dio Belgikako selekzioari, Japoniari irabazita (3-2).
Atsedenaldia hutsean berdinduta heldu dira bi taldeak, baina bigarren zatian partida zoratu egin da. Japoniarrek hiru minutu besterik ez dituzte behar izan aurretik jartzeko eta lau gehiago bigarrena lortzeko. Genki Haraguchi eta Takashi Inui izan dira golegileak.
Kontra zuen markagailuaren aurrean, Roberto Martinez belgikarren entrenatzaileak jokamoldea aldatzea erabaki du, eta Marouane Fellaini zelairatu du haren garaiera aprobetxatzeko. Baita asmatu ere. Izan ere, Belgikari berdinketa eman dioten golak geldikako jokaldien ondorioz heldu dira: buruz, bata zein bestea. Lehendabizi, Jan Vertonghen izan da markagailuko aldea murriztu duena; ondoren, Fellainiren txanda iritsi da, amaierarako hamabost minuturen faltan lehia parekatu baitu.
Geroago, norgehiagokako azken jokaldian heldu da Chadliren gola, bikain gauzatutako kontraeraso azkar batean. Gol horrek eman dio sailkapena Belgikari, eta final-laurdenetan Brasilen aurka arituko da, brasildarrek Mexikori irabazi baitiote (2-0) astelehen honetan jokatu den beste kanporaketan.
Fitxa teknikoa:
Belgika 3: Thiboaut Courtois, Toby Alderweireld, Vincent Kompany, Jan Vertonghen, Thomas Meunier, Axel Witsel, Yannick Ferreira Carrasco (Nacer Chadli, 65. min), Kevin De Bruyne, Eden Hazard, Dries Mertens (Marouanne Fellaini, 65. min) eta Romelu Lukaku.
Hautatzailea: Roberto Martínez
Japonia 2: Elji Kawashima, Hiroki Sakai, Yuto Nagatomo, Gen Shoji, Maya Yoshida, Genki Haraguchi (Keisuke Honda, 81. min), Makoto Hasebe, Takashi Inui, Shinji Kagawa, Gaku Shibasaki (Hotaru Yamaguchi, 81. min) eta Yuya Osako.
Hautatzailea: Akira Nishino
Golak: 0-1, 48. min: Genki Haraguchi; 0-2, 52. min: Takashi Inui; 1-2, 70. min: Jan Vertonghen; 2-2, 75. min: Marouanne Fellaini; 3-2, 94. min: Nacer Chadli.
Epailea: Malang Diedhiou (Senegal). Txartel horiak: Gaku Shibasaki (Japonia).
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa