Eibar
Hypermotion Liga
EITB MEDIA
Joseba Etxeberriaren taldeari garaipena eman dion gola 31. minutuan izan da. Armaginek fin egin dute lan, eta merezita nagusitu dira; garrantzitsuak dirahiru puntuak, Eibarrek sailkapenean aurrerapausoa eman baitu.
Jose Corpas, Cadizen aurkako partidan sartutako golaren ostean. Argazkia: SD Eibar.
Eibarrek irabazi egin du, 1-0, Cadizen aurka, 2024-25 denboraldiko Hypermotion Ligako hamaikagarren jardunaldian, Ipuruan, asteazkenean. Jose Corpasek sartu du Joseba Etxeberriaren taldeari garaipena eman dion gola. Hala, Eibar, txapelketan jokatutako hamaika partidetan 18 puntu lortuta, behin-behinean sailkapeneko bosgarren postuan dabil, eta puntu bakarrera ditu zuzeneko igoerako postuak.
Eibar-Cadiz (1-0): partidako laburpena
Testuinguru horretan, talde armagina merezita gailendu da; izan ere, Cadizek baino hobeto jokatu du. Bide batez, Andaluziako taldea, Eibar ez bezala, estu dabil sailkapenean, postu arriskutsuetan. Neurketan guztiz erabakigarria izan den jokaldia 31. minutuan izan da, norgehiagokako lehenengo ordu erdia bete berritan; orduan, Jose Corpas bikain sartu da eskuinaldetik, eta, erdiratu beharrean, gogor jaurti eta baloia sareetara bidali du.
Bigarren zatian, Cadizek aurrera egin du, berdinketaren bila, baina Eibar sendo aritu da, ordena izan du atzealdean, eta abantailari eutsi dio. Luzapenean, gainera, kontraeraso on batean, Jorge Pascualek aukera ederra izan du 2-0ekoa egiteko, baina errematea kanpora joan zaio. Azkenean, Joseba Etxeberriaren taldeak garaipena poltsikoratu du, eta, berriro ere, Hypermotion Ligako goiko postuetan jarri da.
Fitxa teknikoa
1 - Eibar: Fuzato, Corpas, Carrillo, Chema, Arillaga, Sergio Alvarez, Matheus, Merquelanz (Mada, 68. min), Puertas (Pascual, 56. min), Toni Villa (Alkain, 68. min) eta Bautista (Nolaskoain, 81. min).
0 - Cadiz: Caro, Zaldua, Kovacevic, Chust, Glauder, Alejo (Ocampo, 57. min), San Emeterio (Kouame, 68. min), Escalante, De la Rosa (Fernandez, 57. min), Sobrino (Melendo, 76. min) eta Chris Ramos (Ontiveros, 57. min).
Gola: 1-0, 31. min: Corpas.
Epailea: Salvador Lax (Murtzia). Eibarreko Puertas, Carrillo, Toni Villa eta Chema, eta Cadizeko De la Rosa, Ivan Alejo, Fali, Zaldua, Ontiveros eta Kouame zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakizunak: 5.100 zale izan dira Ipuruan.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa