18:54

Eibar

Hypermotion Liga

Gol bat bere atean sartuta galdu du Eibarrek Sportingen aurka Ipuruan (1-3)

G. P. A. | EITB MEDIA

Jon Bautistak egin du partidako lehen gola, baina Sportingek handik gutxira lortu du berdintzea, eta atsedenaldia heldu baino lehen irauli du markagailua, Corpasek gola bere atean sartuta. Hirugarrena 94. minutuan egin dute.

  • Jon Bautista, baloiarekin, arerio bati ihes egin nahian. Argazkia: @SDEibar

    Jon Bautista, baloiarekin, arerio bati ihes egin nahian. Argazkia: @SDEibar

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eibarrek 1-3 galdu du Sporting Gijonen aurka gaur arratsaldean Ipuruan jokatu duen Hypermotion Ligako partida. Norgehiagoka oso bizia izan da, hasieratik amaierara arte.

Joseba Etxeberriaren taldea betiko jarrerarekin aritu da, eta aurretik jarri da markagailuan (1-0). Alabaina, bisitariek izaera handia erakutsi dute, eta ez dira kikildu Ipuruan. Laster lortu dute markagailua parekatzea (1-1), eta atsedenaldia heldu baino lehen irauli dute markagailua (1-2), Corpasek baloia bere atean sartuta. Bigarren zatian, Eibar taldeko jokalariak azkeneraino saiatu dira, baina Sportingek oso ondo defendatu du abantaila, eta partida amaitzear zela sartu du hirugarrena, luzapenean.

Armaginek 17. minutuan hartu dute aurrea markagailuan, Puertasek ezkerreko hegaletik egindako jokaldi on batean. Alkainek errematatu du erdiraketa, eta Yanezek baloia aldaratzea lortu du; bigarren jokaldian, baina, Jon Bautista erne egon da, eta baloia sarera bidali du.

Hamar minutu geroago egin du Sportingek berdinketaren gola. Dubasinek sartu du, area barrutik egindako jaurtiketa batekin, baina aurrez, kontrola izterrarekin egin du, eta epaileak jokaldia berrikustea erabaki du, baloia besoarekin ere jo duen argitzeko. Nahasmena izan da zelaian zenbait minututan, baina, azkenean, VAReko irudiak ikusi ostean, gola ontzat eman du.   

Bisitarien bigarrena, berriz, Eibarrek defentsan egindako akats larri baten ostean heldu da, berez arriskurik ez zeukan jokaldi batean. Oterok huts egin du errematea egiterakoan, eta baloia Corpasi iritsi zaio, baina honek ez du urrundu, Fuzatok hartuko zuela pentsatuz. Atezaina, baina, nahiko urrun zegoen, eta ezin izan du ezer egin baloia bere atean sartzea ekiditeko.

Bigarren zatian, Eibarrek erasora jo du hasieratik, arrisku gehiegirik sortu gabe. Sportingek, ostera, lan bikaina egin du defentsan, eta kontraerasoan min handia egiteko gai zela erakutsi du.  

Armaginek ez dute amore eman. Azkeneraino ahalegindu dira, berdinketa lortzeko, gutxienez. Hala ere, ez dute helburua bete. Alderantziz, Ruben Albesen taldeak aldea handitu du, luzapenean. Gasparrek sartu du gola, 94. minutuan, eta hortxe bukatu da partida.

Eibarrek bigarren partida galdu du jarraian, Hypermotion Ligan, aurreko jardunaldian Oviedoren aurka ere porrota jaso baitzuen.

FITXA TEKNIKOA

1. - Eibar: Daniel Fuzato; Jose Corpas, Alvaro Carrilo, Arnaitz Arbilla, Cristian Gutierrez; Peru Nolaskoain, Matheus Pereira, Jorge Pascual, Xeber Alkain, Puerta; Jon Bautista.

3. - Sporting: Ruben Yanez; Pablo García, Rober, Maras, Rosas; Mendez, Olaetxea, Gelabert; Queipo, Juan Otero, Dubasin.  

Golak: 1-2, 18. min: Bautista. 1-1, 29. min: Dubasin. 1-2, 39. min: Corpas (bere atean). 1-3, 94. min: Gaspar.

Epailea: Iosu Galech Apeztegia. Txartel horia atera die Pascual, Olaetxea, Carrillo, Rober Pier, Chema, Maras, Gaspar, Caicedo eta Arbillari. 

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena