Eibar
Hypermotion Liga
EITB Media
Armaginek golik gabe berdindu dute Carlos Tartieren jokatutako neurketa, eta kanporaketa ekainaren 12an erabakiko da Ipuruan.
Oviedo vs Eibar partidako jokali bateko irudia. Argazkia: EFE
Eibarrek 0-0 berdindu du Oviedorekin Carlos Tartiere estadioan jokatutako Lehen Mailara igotzeko play-offeko finalerdietako joaneko partida. Ondorioz, Ipuruan erabakiko da kanporaketa, ekainaren 12an.
Oviedo erasokor zelairatu da. Etxeko taldeak baloia kontrolatu du eta Eibar atzean sartu du. Hala ere, lehen abagune argia talde armaginak izan du: Corpasek aurkariari driblina egin nahi izan dio, jaurti beharrean, eta alferrik galdu du gola sartzeko aukera. Gainera, bederatzi minutu geroago, Eibarrek beste abisu bat eman du, eta Stoichkoven jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da. Asturiasko taldearen erantzuna 21. minutuan heldu da, baina Colombattoren jaurtiketak ez du Luca Zidanek babestutako atea aurkitu.
Ondoren, lehen zatiko azken 25 minutuak parekatuak izan dira. Bazirudien bi taldeetako bat ere ez zela gai izango aurkariaren ate ingurura arriskua eramateko. Dena den, 44. minutuan, Luca Zidanek Oviedoren gola saihestu du, Alemaoren errematea geldituta.
Bigarren zatiaren hasiera bizia izan da. Hala ere, ez Oviedok ez Eibarrek ez dute abagune argirik izan. Defentsak aurrelariei nagusitu zaizkie, eta parekotasuna izan da nagusi. Hori bai, jokalariek baloi guztiak borrokatu dituzte.
Norgehiagoka golik gabe berdinduta iritsi da azken txanpara. Bi taldeak gola egiten saiatu dira, itzuliko neurketara abantailarekin heltzeko. Hurbilketa batean, Oviedok abagune argia izan du 90. minutuan; Paulinoren erremateari, ordea, erantzun bikaina eman dio Luca Zidanek. Gero, 93. minutuan, armaginek izan dute gola egiteko aukera, baina Konraden errematea kanpora joan da.
Horrenbestez, golik gabeko berdinketarekin amaitu da partida, eta Ipuruan erabakiko da zein taldek lortuko duen finalerako txartela, ekainaren 12ko partidan.
Fitxa teknikoa:
0 - Oviedo: Leo Roman; Viti, Luengo, Dani Calvo, Pomares (Abel Bretones, 87. min); Sebas Moyano (Paulino, 75. min), Luismi, Colombatto, Borja Sanchez (Dubasin, 64. min); Borja Baston (Alex Millan, 75. min) eta Alemao (Masca, 87. min).
0 - Eibar: Luca Zidane; Rober Correa (Sergio Alvarez, 75. min), Berrocal (Tejero, 87. min), Arbilla, Cristian; Nolaskoain, Matheus; Aketxe, Mario Soriano, Corpas (Konrad, 87. min); eta Stoichkov.
Epailea: Quintero Gonzalez. Txartel horia atera die Borja Sanchez (61. min), Viti (72. min) eta Dubasin (89. min) Oviedoko jokalariei, baita Stoichkov (6. min) Eibarko futbolariari ere.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:50 - 12:15 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:20 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa