23:27

Eibar

Hypermotion Liga

Eibarrek kolpea eman dio Leganesi Butarquen, eta Lehen Mailara igotzeko lehian sartu da (0-2)

EITB MEDIA

Armaginek gizon bat gutxiagorekin jokatu duten bigarren zatian, baina Nolaskoainek eta Bautistak aurrez sartutako golak baliatu dituzte, Leganesi irabazteko eta liderrarekiko duten aldea puntu bakarrera murrizteko.

  • Jon Bautista gola ospatzen. Argazkia: @SDEibar

    Jon Bautista gola ospatzen. Argazkia: @SDEibar

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eibarrek garaipen handia lortu du gaur gauean Leganesen etxean (0-2), ordu erdi baino gehiago gizon bat gutxiagorekin jokatu badu ere, eta Hypermotion Ligako liderrarengandik puntu batera kokatu da sailkapenean.

Partida parekatua izan da, baina armaginek ez dute barkatu ate aurrean, eta Peru Nolaskoainek eta Jon Bautistak sartutako golei esker gailendu dira.

Hasieratik, Joseba Etxeberriaren mutilak garaipenaren bila atera dira; Leganeseko jokalariak, berriz, ordenatuta egon dira, kontraerasoan min egiteko asmoarekin, Luca Zidanen ate inguruan arrisku handirik sortu ez badute ere.  

Edonola ere, partidako lehen gol aukera garbiena madrildarrek izan dute 9. minutuan, baina Diego Garciaren burukada langara joan da.

Armaginen erantzuna jarraian iritsi da, korner batetik abiatutako jokaldian. Matheusek erdiratu du, eta bigarren zutoinean, Nolasekoainek buruz sartu du gola, errematea bakar-bakarrik eginda.  

Eibarren bigarrena gol ederra izan da, eta Leganes partida estutzen ari zenean heldu da. Stoichkovek jokaldi ikusgarria egin du area ertzean, arerioz inguratuta. Pase bikaina eman dio Bautistari, eta honek, bi defentsa gainetik kenduta, ez du barkatu Conderen ate aurrean.  

Atsedenaldiaren ostean, armaginek erritmoari eutsi diote eta beste gol bana sartzeko aukera izan dute Stoichkovek eta Bautistak. Ez du asmatu, eta partida erabat aldatu da 59. minutuan, epaileak Juan Berrocal kanporatu duenean, bigarren txartel horia atera eta gero.  

Une horretatik aurrera, norgehiagoka zoratu egin da. Liderrak Eibar bere arean sartu du, eta 62. minutuan penaltia eskatu dute etxekoek, baina epailek ez du halakorik ikusi.  

Hamar minutu geroago, Joseba Etxeberriak Stoichkov eta Bautista zelaitik atera ditu, Sergio Alvarez eta Sergio Leon haien ordez sartzeko. Apurka-apurka, Eibarrek Leganesen oldarraldia gelditzea lortu du, eta bi goleko abantailari partida amaiera arte eutsi dio.

Horrenbestez, armaginek oso garaipen landua eta garrantzitsua eskuratu dute, Lehen Mailara igotzeko lehian bete-betean sartu direlako, eta joan den astean Ipuruan Espanyolen aurka luzapenean jasandako porrot mingarria ahaztea ekarriko duelako.  

Fitxa teknikoa:

0 - Leganes: Diego Conde; Nyom (Borja Lopez, 46. min), Arambarri (Djouahra, 64. min), Sergio Gonzalez, Franquesa (Ureña, 84. min); Brasanac (Miguel de la Fuente, 64. min), Undabarrena (Juan Cruz, 46. min), Neyou, Portillo; Dani Raba eta Diego Garcia.

2 - Eibar: Luca Zidane; Corpas (Alday, 86. min), Berrocal, Arbilla, Rios Reina; Nolaskoain, Matheus; Aketxe (Vencedor, 86. min), Soriano (Venancio, 62. min), Stoichkov (Sergio Alvarez, min.75); eta Bautista (Sergio Leon, 75. min).

Golak: 0-1, 11. min: Nolaskoain. 0-2, 33. min: Bautista.

Epailea: Damaso Arcediano Monescillo. Txatel horiak atera dizkie Brasanaci, Luca Zidaneri, Rios Reinari eta Sergio Leoni. Berrocal kanporatu du, bigarren txartel horia aterata.

 

 

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    02 20:30 - 22:00 TXIRRINDULARITZA | Italiako Giroaren aurkezpena
    24 22:15 - 00:30 ERREMONTEA | ''Erremontari'' saioa

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena