20:34

Eibar

Hypermotion Liga

Eibarrek hiru puntuak bereganatu ditu Zaragozaren kontra (1-0), eta bi puntura du Leganes liderra

EITB Media

Armaginek 1-0eko emaitzarekin menderatu dute Aragoiko taldea, Ipuruan jokatutako Hypermotion Ligako 26. jardunaldiko partidan. Eibar sailkapeneko bigarren postuan da, igoera zuzena ematen duen bigarrenean, liderrarekiko bi puntura.

  • Eibar - Zaragoza

    Bautista, Soriano eta Stoichkovekin batera, Zaragozari sartutako gola ospatzen. Argazkia: @SDEibar

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eibarrek 1-0 irabazi dio Zaragozari, igande honetan, otsailaren 11n, Ipuruan jokatutako Hypermotion Ligako 26. jardunaldiko norgehiagoka. Ondorioz, armaginak sailkapeneko bigarren postuan daude, igoera zuzena ematen duen bigarrenean, 45 punturekin, Leganes liderrarekiko (47 puntu) bi puntura.

Talde armaginak bikain ekin dio neurketari, 7. minutuan gola sartu baitu; Tejerok hegaletik erdiratu, eta Bautistak ate barruan sartu du baloia (1-0), buruz erremate ona eginda.

Golaren ostean, nagusi izaten jarraitu du Eibarrek. Gainera, abantaila handitzeko aukera argia izan du 12. minutuan, baina Edgar Badia atezainak desbideratu egin du Sorianoren jaurtiketa. Hamabost minutu geroago, Bautista bakarrik geratu da Badiaren aurrean, eta atezainak gola saihestu du.

Zaragozak 35. minutuan izan du lehen abagunea, baina boleaz egindako errematea kanpora joan da. Lehen zatiko azken minutuak parekatuak izan dira, eta armaginak gol bateko errentarekin heldu dira atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasiera parekatua izan da. Bi taldeei asko kosta zaie abagune argiak sortzea. Zaragozak eman du lehen abisua, 64. minutuan; Mollejoren jaurtiketa, ordea, Luca Zidane atezainak gelditu du.

Azken txanpan, aurrerapausoa eman du Zaragozak lehia berdintzeko asmoz. Hala ere, Eibarrek neurketa erabakita uzteko aukera izan du, baina Stoichkovek area barrutik egindako jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da.

Luzapeneko minutuetan, Eibarrek ez dio aukerarik eman Zaragozari, eta armaginek poltsikoratu dituzte hiru puntuak (1-0).

Fitxa teknikoa:

1. Eibar: Luca, Tejero, Berrocal, Arbilla, Cristian, Vencedor (Sergio Alvarez, 73. min), Matheus, Aketxe (Corpas, 73. min), Mario Soriano (Peru Nolaskoain, 64. min), Stoichkov eta Bautista (Sergio Leon, 85. min).

0. Zaragoza: Edgar Badia, Fran Gamez (Zedadka, 46. min), Lluis Lopez, Mouriño (Bakis, 78. min), Alejandro Frances, Francho, Antonio Moya (German Valera, 46. min), Marc Aguado, Victor Mollejo, Maikel Mesa (Vallejo, 87. min)e Ivan Azon (Sergi Enrich, 64. min).

Gola: 1-0. 7. min. Bautista.

Epailea: Daniel Jesus Trujillo. TXrtel horiak atera dizkie Berrocal (46. min) eta Matheus (83. min) jokalariei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    02 20:30 - 22:00 TXIRRINDULARITZA | Italiako Giroaren aurkezpena
    24 22:15 - 00:30 ERREMONTEA | ''Erremontari'' saioa

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena