Eibar
Cacereñoren aurka
Erredakzioa
Talde armaginak 1-2ko emaitzarekin irabazi dio Cacereñori, galtzen hasi eta etxeko taldeak bigarren gola bere atean sartuta.
Cacereño-Eibar partidako irudia. Argazkia: EiTB
Eibarrek garaipena lortu du Cacereñoren aurka (1-2) eta Errege Kopako hirugarren txanda jokatzeko sailkatu da. Talde armaginak ez du ondo jokatu, galtzen hasi da, eta gol erabakigarria bere atean sartu du etxeko taldeak.
Baloiaren jabe izan da Eibar lehen minututik, eta lehen abagunea izan du bosgarren minutuan, baina Orellanaren jaurtiketa Bernabe atezainak desbideratu du. Ondoren, talde armaginak nagusi izaten jarraitu du, nahiz eta 23. minutura arte ez duen beste aukera garbi bat sortu; Orellanaren beste jaurtiketa on bat, Chechu Cacereñoko defentsak atera du atepetik. Cacereño atzean sartuta egon da, eta ez dio ia arazorik sortu Eibarri, baina, 28. minutuan gertu izan du gola, Yoel atezainak gelditu duen Ezequielen errematearen bitartez.
Bigarren zatiari erasokor ekin diote bi taldeek, eta aurkariaren atera gerturatu diren arren, ez dute abagune argirik izan. Dinamika horretan, Cacereñok Eibarren arean jarri du baloia erdiraketa baten bitartez, eta Marcos Torresek 1-0ekoa sartu du, buruz erremate ona eginda.
Gola jaso ostean, Eibarren erantzuna etorri da, talde armaginak erasora jo baitu. Partidako 70. minutuan, Pedro Leonek pase bikaina eman dio Charlesi, brasildarrak baloia loratu du atezainaren aurrean, baina Bernabek errematea desbideratzea lortu du, gola eragotziz. Ekinean ibili da Eibar, eta saria jaso du 78. minutuan Pedro Leonek sartu duen golari esker (1-1); Murtziako jokalariak gol bikaina sartu du area kanpotik egin duen jaurtiketa bikain baten bitartez.
Partida luzapenera joango zela ematen zuenean, 93. minutuan, Orellanak urrutitik erdiratu, eta Delgadok bere atean sartu du gola baloia desbideratzeko ahaleginean (1-2). Gol honekin, epaileak amaiera eman dio neurketari.
Fitxa teknikoa:
1 – Cacereño: Bernabe; Carlos Fernandez, Carlos Daniel, Chechu, Delgado; Javito, Rodri (Gustavo, 75. min), Teto (Neto, 79. min), Andujar; Alex Garcia (Marcos Torres, 59. min), eta Lamarca.
2 – Eibar: Yoel; Correa (Sergi Enrich, 75. min), Esteban Burgos, Paulo, Ekhi Bravo; Orellana, Sergio Alvarez, Mari (Edu Exposito, 62. min), De Blasis; Quique Gonzalez (Pedro Leon, 62. min) eta Charles.
Golak: 1-0, Marcos Torres (64. min); 1-1, Pedro Leon (78. min); 1-2, Alberto Delgado, bere atean (93. min).
Epailea: Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak atera dizkie Gustavo (85. min) Cacereñoko jokalariari eta Oliveira (68. min) Eibarko futbolariari.
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:30 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa