Eibar
Ligako 12. jardunaldia
ERREDAKZIOA
Armaginak azkar aurreratu dira markagailuan (6. minutuan) Jordi Amatek bere atean sartutako golaren bitartez. Ondoren etorri dira Escalanteren, Charlesen (bi aldiz) eta Enrichen golak.
Eibarrek nagusitasunez irabazi dio Betisi (5-0) astearte honetan, Ipuruan, ligako hamabigarren jardunaldia itxi duen partidan. Horrenbestez, garaipenen bidera itzuli da bi hilabeteren ostean, oso eraginkor azaldu den norgehiagokan. Epaileak Aissa Mandi Betiseko jokalaria kaleratu du txartel gorriarekin bigarren zatiaren hasieran, bisitariak gehien saiatzen ari ziren unean.
Jose Luis Mendilibarren mutilek irribarrea berreskuratu dute berriz, aurreko garaipena lortu zutenetik (1-0, Leganesi) zortzi jardunaldi igaro ondoren, eta gol-festarekin egin dute, bost lortu baitituzte, lehendabiziko hamaika partidetan sei besterik sartu ez dituztenean. Betisek, ordea, bolada txarrean sartuta dago, azken sei neurketatik bakarra irabazi baitu.
Quique Setien Betiseko entrenatzaile denetik ohikoa bihurtu denez, bere jokalariek agintzen ekin diote partidari, baina arriskurik sortu gabe. Hain justu ere, armaginak izan dira markagailuan aurrea hartu dutenak seigarren minutuan: Takashi Inuik baloi ona erdiratu du Sergi Enrichen bila, eta urruntzeko ahaleginetan zebilen Jordi Amat defentsa andaluziarrak bere atean sartu du baloia nahi gabe.
Golak ez du neurketaren gidoia aldatu. Betis zen baloiaren jabe, baina eibartarrak izan dira golak sartu dituztenak. Hala, Gonzalo Escalante argentinarrak bigarrena egin du etxekoentzat buruz, korner baten aldaratzean David Juncaren erdiraketa bikaina errematatuta. Horrela joan dira atsedenaldira bi taldeak.
Bigarren zatiaren hasieran, andaluziarrek aldea murrizteko aukera izan dute Sergio Leonen oinetan, baina ez du asmatu Marko Dimitrovic atezainaren aurrean. Balizko 2-1ekotik 3-0kora igaro da partida. Charles area barruan sartu da, eta Mandik lurrera bota du. Epaileak ez du zalantzarik izan penalti adierazteko, Betiseko jokalariek falta areaz kanpo egin dutela esan badute ere. Charles bera arduratu da penaltia jaurti eta gola egiteaz.
Betisek ez dio saiatzeari utzi, baina Sergio Leonek ez du bere eguna izan, eta berriz ere kamuts agertu da atezain serbiarraren parean. Haatik, Charles zorrotzago agertu da, eta laugarrena erdietsi du Ivan Alejoren erdiraketa aprobetxatuta. Bosgarrena handik gutxira etorri da, eta, oraingoan bai, Enrichek egin du, Ander Caparen paseari amaiera ona emanda.
Astelehen honetan lortutako bost golen bitartez, Lehen Mailan dagoenetik talde armaginak poltsikoratu duen garaipenik zabalena bereganatu du.
Fitxa teknikoa:
Eibar 5: Dmitrovic; Capa, Oliveira, Arbilla, Juncá; Dani García, Escalante (Joan Jordán, 69. min); Iván Alejo (Rubén Peña, 76. min), Enrich (Kike García, 81. min), Inui; Charles.
Betis 0: Adán; Barragán, Mandi, Jordi Amat, Durmisi; Javi García; Joaquín (Sanabria, 61. min), Camarasa (Boudebouz, 70. min), Fabián Ruiz, Nahuel Leiva (Guadado, 57. min); Sergio León.
Goles: 1-0, 6. min: Amat (bere atean). 2-0, 29. min: Escalante. 3-0, 56. min: Charles (penaltiz). 4-0, 71. min: Charles. 5-0, 80. min: Enrich.
Epailea: González González. Txartel horiak: Escalante eta Arbilla (Eibar) eta Amat eta Guardado (Betis). Mandi (Betis) kaleratu du 54. minutuan, txartel gorria zuzenean aterata.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa