20:07

Eibar

2-0

Eibarrek agur esan dio bolada txarrari, Levanteri irabazita

Erredakzioa

Armaginek 2-0 irabazi diote BBVA Ligako azken sailkatuari Ipuruan. Borja Baston eta Adrian izan dira golegileak. Talde gipuzkoarra bete-betean sartu da berriro Europa Ligara sailkatzeko lehian.

  • Eibar-Levante. Argazkia: EFE

    Eibar-Levante (2-0). Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eibarrek 2-0 irabazi dio Levanteri Ipuruan, eta agur esan dio azken jardunaldietako bolada txarrari. Gainera, garaipen honekin, talde gipuzkoarra berriro sartu da bete-betean Europa Ligara sailkapena ematen duten postuetan sartzeko lehian.

Levantek ezustean harrapatu du Eibar lehen hamabost minutuetan. Rubik zuzentzen duen taldea nagusi izan da lehen ordu laurdenean, eta lehen gola sartzeko abagune oso argia izan du 8. minutuan; Deyversonek, ordea, kale egin du Riesgo atezainaren aurrean, jaurtiketa gehiegi gurutzatu baitu. Lehen 15 minutuetan aurkariaren menpe egon ostean, armaginak baloiaren jabe egiten hasi dira, baina etxekoen lehen abagunea ez da 25. minutura arte iritsi. Inuik izan du Eibarren lehen gola sartzeko abagunea, baina zutoinera bidali du jaurtiketa. Une horretatik aurrera, Eibar izan da baloiaren jabe, eta 37. minutuan etorri da armaginen gola; Borja Bastonek egin du 1-0ekoa, Jota Peleteiroren pasea sare barrura errematatuta.

Gola sartu ostean, Eibarrek Levantek baino hobeto jokatzen jarraitu du, eta aldea handizteko aukerak izan ditu atsedenaldira iritsi orduko, Ansotegiren burukada baten eta Jota Peleteiroren jaurtiketa baten ondorioz, baina armaginek ez dute asmatu.

Bigarren zatiak lehen zatiaren gidoi berdina izan du. Levante hobeto zelairatu da, baina minutuak aurrera joan ahala Eibar nagusitzen hasi da. Bigarren zatiko ia abagune guztiak armaginek izan dituzte. 56. minutuan, Inuik zutoinera bidali du berriro jaurtiketa, eta bi minutu geroago, 58an, bigarren gola sartu du Eibarrek; Escalantek jokaldi bikaina egin, eta Adrian Gonzalezek sare barrura bidali du baloia, area barruan egon den nahasmenaz baliatuta.

Mendilibarrek zuzentzen duen taldearen bigarren golak min handia egin dio Levanteri. Valentziako taldeak ia ez du abagunerik sortu bigarren zatian. Deyversonek izan du aukera onena, 60. minutuan, baina horren jaurtiketa Riesgo atezainak harrapatu du. Partidako azken txanpan, talde gipuzkoarrak emaitza handitzeko aukera izan du. Mariño atezainak erantzun paregabea eman dio Jota Peleteiroren jaurtiketari 77. minutuan, eta Inuik bi abagune argi izan ditu 85. eta 86. minutuetan; lehen errematean, zutoinera bidali du jaurtiketa, eta bigarrenean, Mariño atezainak eragotzi du japoniarraren gola. Horrela amaitu da partida Ipuruan, eta Eibarrek urrezko hiru puntu lortu ditu (2-0).

Fitxa teknikoa:

2 SD Eibar: Riesgo; Capa, Dos Santos, Ansotegi, Lillo; Escalante, Dani Garcia, Adrian (Radosevic, 78. min); Jota Peleteiro, Borja Baston (Sergi Enrich, 76. min), eta Inui (Imanol Corral, 93. min).

0 Levante UD: Diego Mariño; Toño, David Navarro, Feddal, Orban; Xumetra (Camarasa, 63. min), Verza, Simao (Verdu, 63. min), Morales; Rossi (Ghilas, 79. min) eta Deyverson.

Golak: 1-0. 36. min. Borja Baston; 2-0. 57. min. Adrian.

Epailea: Javier Estrada Fernandez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Eibar

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena