Eibar
Hypermotion Liga
Agentziak | EITB
Armaginak aurreratu dira markagailuan, Peru Nolaskoainek sartutako golari esker, baina Zaragozak emaitza irauli du, 27. minututik jokalari bat gutxiagorekin aritu bada ere.
Eibar-Zaragoza partidako irudia. Argazkia: SD Eibar
Eibarrek denboraldiko lehen porrota jaso du Ipuruan. Zaragoza Hypermotion Ligako azken sailkatuak 1-2 irabazi dio, 27. minututik jokalari bat gutxiagorekin aritu bada ere, Saidu kanporatu dutelako.
Emaitza honen ondorioz, armaginak jaitsiera postuetara hurbildu dira. Zaragoza, berriz, Bigarren Mailan jarraitzeko borrokan sartu da berriro, azken bi jardunaldietan, ezustean, irabazi eta gero.
Neurketa piztu egin da 20. minututik aurrera. Valeryk baloia eskuarekin jo du area barruan, eta epaileak penaltia adierazi du. Jon Bautistak jaurti du, baina Andrada atezainak baloia aldaratu du.
Zaragozaren pozak, baina, gutxi iraun du, Eibarrek bi minutu geroago egin baitu gola. Peru Nolaskoainek sartu du, buruz, Toni Villaren erdiraketa ondo baliatuta.
Partida zoratu egin du orduan. 27. minutuan, epaileak Saidu kanporatu du, bigarren txartel horia aterata, eta Zaragoza jokalari bat gutxiagorekin geratu da.
Alabaina, handik minutu batera, epaileak Eibarren kontrako penaltia adierazi du, Cuberok baloia eskuarekin jo duelako area barruan.
Mario Soberonek ez du hutsik egin, eta 1-1ekoa jarri du markagailuan, jaurtiketa bortitza eginda.
Eibar golaren bila joan da, eta estu hartu du Zaragoza, baina kanpoko taldeak ondo babestu du bere atea, eta Zaragozak berak eman dio azken kolpea etxeko taldeari, 81. minutuan 1-2koa sartuta. Bigarren zatian zelairatu den Bakisek egin du gola.
Eibar azkeneraino ahalegindu da markagailua berdintzen, baina ezin izan du Ipuruan lehen porrota saihestu.
Hurrengo zuzenekoak
| 06 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Elordi-Zabaleta vs P. Etxeberria-Rezusta |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa


Aukera ezazu nabigatzeko nahiago duzun hizkuntza.
Elige el idioma en el que prefieras navegar