Athletic club
Athletic-Bartzelona (0-3)
Erredakzioa
Bartzelonak hasiera ezin hobea eman dio finalari eta neurketa erabakita utzi du zuri-gorrien nagikeria lagun zuela. Bilbotarrek zertxobait hobetu dute bigarren zatian, baina berandu zen.
Informazio gehiago (3)
galeriak (1)
Fitxa teknikoa:
Athletic: Iraizoz; Iraola, Ekiza, Amorebieta, Aurtenetxe; Javi Martinez, De Marcos (Ander Herrera, 46. minutua), Muniain; Susaeta (Iñigo Perez, 46. minutua), Llorente (Toquero, 72. minutua) eta Ibai Gomez.
Bartzelona: Pinto; Montoya, Pique, Mascherano, Adriano; Busquets, Xavi (Cesc, 80. minutua), Iniesta; Pedro (Thiago, 86. minutua), Alexis (Keita, 71. minutua) eta Messi.
Golak: 0-1, 3. minutua: Pedrok aldaratze bat aprobetxatu du area barruan korner baten ostean. 0-2, 20. minutua: Messik Iraizoz gainditu du Iniestaren pase zoragarri bat jaso ostean. 0-3, 25. minutua: Pedrok jaurtiketa bikaina egin du areaz kanpo.
Athleticek merezita galdu du gaur Bartzelonaren aurka (0-3) Errege Kopako finalean, Vicente Calderonen, Madrilen. Bukaresteko finalean egindako akatsak errepikatu dituzte zuri-gorriek eta Bartzelonak ez du barkatu. Horrela, Pep Guardiola Barçako entrenatzaileak beste titulu batekin agur esan dio taldeari eta bizkaitarrek bi finaletan kale eginda ez dute garaikurrik lortu.
Athleticek berriz final hasiera kaskarra izan du Europa Ligan bezalaxe. Bilbotarrak oso urduri berdeguneratu dira. Aurreneko 25 minutuetan ez dituzte bi pase jarraian eman zuri-gorriek.
Bartzelona handi bat aurrean izan dute bizkaitarrek, izan ere, Kataluniako taldeak bikain jokatu du lehen zatian. Lehen segundoetan bi gol aukera sortu dituzte kataluniarrek eta Athleticek bigun defendatu du. Horrela, Pedrok gola sartu du bigarren minutuan, korner batean.
Kolpe gogorraren ostean Bukaresteko mamuak agertu dira berriro eta Bielsaren mutilak ez dira itzartu. Barçak lanean jarraitu eta Messik bigarren gola sartu du 20. minutuan. Zuri-gorriek azken zaplastekoa bost minutu geroago jaso dute. Berriro Pedrok Iraizozen atea zulatu eta finala erabakita utzi du.
0-3ekoarekin Piquek Llorenteri egindako penalti argia ez du adierazi epaileak. Gainera, jokaldian txartel gorria ikusi ahal izan du Piquek eta bere taldea gizon bat gutxiagorekin utzi. Une horretatik aurrera bizkaitarrak ezinean aritu dira.
Bigarren zatian Bartzelonari gauzak zailtzeko borondatearekin zelairatu dira zuri-gorriak. Bielsak Iñigo Perez eta Ander Herrera zelairatu ditu Markel Susaeta eta Oscar de Marcosen ordez. Ibai Gomezek aukera izan du, baina gaizki hautatu du Pintoren aurrean. Buruz gain atezaina gainditzen saiatu da Santutxukoa, baina jaurtiketa desbideratua atera zaio.
Bizitasuna, presioa eta borondatea ez dira nahikoa izan. Aurtenetxek beste abagune bat izan du, baina bere burukada kanpora joan da. Bartzelonak erritmoa jaitsi du bigarren zatian, baina gol aukeraren bat sortu du. Messik jokaldi zoragarria egin, jaurti eta Iraizozek geldiketa bikaina egin dio argentinarrari. Kataluniako taldea Errege Kopa hartzeko zain zegoen dagoeneko.
Norgehiagoka erabakita zegoen aspalditik, 25. minututik, hain zuzen ere. Bartzelonak bizitasun handiarekin hasi du neurketa eta Athletic kamuts aritu da defentsa lanetan. Pedrok eta Messik Bartzelonari finala eskura utzi diote.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa