Athletic club
Europa League
Erredakzioa
Zuri-gorriek egindako jokoak sari handiagoa merezi izan du, baina emaitza oso ona (2-3) lortu dute itzulerako partidarako.
Argazkia: EFE
Bideoak (2)
Informazio gehiago (1)
- Fitxa teknikoa:
2. Manchester United: De Gea; Rafael Da Silva, Smalling (Carrick, 55. minutuan), Evans, Evra; Park (Anderson, 61. minutuan), Jones, Giggs (Nani, 75. minutuan), Young; Rooney, Hernandez.
3. Athletic: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, San Jose, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos, Ander Herrera (Perez, 84. minutuan); Susaeta, Llorente (Pinedo, 81. minutuan), Muniain.
Golak: 1-0, 22. minutuan: Rooney; 1-1, 44. minutuan: Llorente; 1-2, 72. minutuan: De Marcos; 1-3, 90. minutuan: Muniain; 2-3, 90. minutuan: Rooney.
Athleticek erakustaldia eman du Old Trafford futbol zelaian Manchester United 2-3 gaindituta. Bielsaren taldea jaun eta jabe izan da eta zuri-gorriek Europa Ligako final-zortzirenetako kanporaketan aurrea hartu dute Ingalaterrako talde indartsuenetariko bat mendean hartuta. Aurreneko zatian Rooneyk 1-0ekoa lortu du, baina Llorentek 1-1ekoa jarri du markagailuan atsedenaldia heldu baino lehen. Bigarren zatian De Marcosek eta Muniainek 1-3koa jarri dute, baina azkenengo minutuan Rooney 2-3koa lortu du, penaltiz.
Marcelo Bielsaren taldeak ederki hasi du neurketa baloiaren jabetza mantentzen, baina Manchester Unitedek kontraerasoa bilatu du arrisku handia sortu du. Partidako aurreneko abagune argia zuri-gorriek izan dute. Fernando Llorentek ederki gainditu du Evans, baina errioxarraren saiakera kanpora joan da zuzenean. Lehenengo zatiko 18. minutuan Smallingek Llorenteri penalti argia egin dio, baina epaile alemaniarrak ez du adierazi.
Athleticeko jokalariek gol aukerak izan dituzte, baina Alex Fergusonen taldeak markagailuan aurrea hartu du. Ingalaterrako taldeak izan duen aurreneko aukeran, Rooneyk 1-0ekoa jarri du Iraizozen aldaratzea aprobetxatuta.
Bilboko taldeak berdinketaren gola lortzeko jokalari asko batu ditu erasoan, baina David De Gea eta Manchester Unitedeko defentsak sendo egon dira. Llorenteren errematea kanpora joan da zuzenean 29. minutuan eta Susaetaren jaurtiketa gutxigatik zutoin ondotik kanpora joan da 32. minutuan. 1-1ekoa, 44. minutuan lortu du Athleticek. Susaetak erdiraketa bikaina jarri dio Llorenteri eta aurrelari zuri-gorriak sare barrura bidali du baloia.
Bigarren zatian Fernando Llorentek gola lotzeko bi abagune argi izan ditu. 51. minutuan jaurtiketa kanpora bidali du eta 52. minutuan De Geak gelditu ikusgarria egin du aurrelari errioxarraren saiakera bertan behera utzita. Madrileko atezaina protagonista izan da Old Trafforden 66. minutuan beste gelditu erabakigarri egin baitio Iker Muniaini.
Zuri-gorrien bigarren gola 70. minutuan heldu da. Ander Herrerak luxuzko pasea eman dio Oscar De Marcosi eta arabarraren jaurtiketa sare barrura joan da markagailuan 1-2koa jartzeko. Alex Fergusonen mutilek erasoan gehiago sakatu dute 1-2koaren ostean, baina Athleticeko defentsak Chicharito eta Rooney ondo lotuta izan ditu.
Azkenengo minutuetan Iker Muniainek 1-3koa jarri du (89. minutuan) Athleticen erakustaldia borobiltzeko. Hala ere, De Marcosek eskuarekin baloia jotzeagatik penaltia adierazi du epaileak, eta Manchester Unitedek 2-3koa lortu du. Deabru gorrien bigarren gola Rooneyk lortu du.
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:30 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa