Athletic club
FINALA, 21:00ETAN
A. A | EITB MEDIA
Zuri-gorriak eta blaugranak urteko lehen titulua lortzeko lehiatuko dira Messiren zalantzarekin.
Ronald Koeman y Marcelino Toral, Bartzelonako eta Athleticeko entrenatzaileak. Argazkia: EFE
Bartzelonak eta Athleticek Espainiako Superkopako finala jokatuko dute igande honetan, denboraldi honetako lehen titulua, aurretiaz espero ez zen agertokian eta ikuslerik gabe koronabirusaren pandemiaren eraginez.
Bitxia bada ere, zuri-gorriak 'supertxapeldun' bihur daitezke iazko Errege Kopako finala, Realaren aurkakoa, jokatzeko zain daudela oraindik, eta hala izan dadila nahi dute Sevillako Cartuja estadioan.
Bartzelonaren asmoa, ordea, Athleticek garaikur hori berriro irabaz diezaiola eragoztea da, hots, 2015ean gertatua berriro errepika ez dadila. Izan ere, orduko hartan Bilboko taldea gailendu zen bi partidatara jokatu zen finalean (4-0 San Mamesen eta 1-1 Camp Noun). Orain, printzipioz, 90 minutuko finala izango da.
Zalantzarik gabe, Athleticek berriz ere festa egiteko gogoa du, eta, bide batez, ilusio handiagoa hartu nahi du Realaren aurkako Kopako finalari begira.
Tamalez, oraingo honetan, ez da egongo bi euskal taldeen arteko derbirik; izan ere, Bartzelonak saihestu egin zuen horrela izan zedila finalerdietan, donostiarrak kanporatu baitzituen penaltietan, arauzko denboran bana berdindu ostean.
Barça zalantza artean bizi zen duela gutxira arte; aitzitik, eta hobera egin du. Gorako bidea egiten ari da Ligan, Atletico Madril liderra harrapa ezina dirudien arren, eta Superkopa honetan, oraingoz, itxura ona eman zuen, eta, zortea lagun, aurrera egin zuen hamaika metroetatik.
Dena dela, buruhauste bat dauka, eta letra larriz idatz liteke: Leo Messi. Katalanen kapitainak, txapelketa guztiengatik lehiatzeko ilusioa berreskuratu duenak, atseden hartu behar izan zuen Realaren aurrean. Granadan nabaritu zuen minak finalean parte hartzea galarazi diezaioke. Ostiralean ez zuen entrenatu, eta larunbatean bai, baina Koemanek esan zuen jokalariak izango duela azken hitza.
Athletic, bestalde, Marcelino Garcia Toralen etorrera positiboa izaten ari dela erakusten ari da.
Real Madrilen aurka, presio handia eta defentsa ona izan zituen. Horri eta Raul Garciaren eraginkortasunari esker talde zuria kanporatzea ekarri zuten. Orain, duela astebete Santander Ligan, Marcelinoren debutean, izan zuten aurkari bera izango dute bilbotarrek Marcelinorekin duela astebete jokatu zuten lehen partidan. Orduko hartan, Messiren bertsiorik onena ikusi ahal izan zen San Mamesen, eta garaipena Bartzelonarentzat izan zen (2-3).
Azken finean, bi proiektu berriri poza eta konfiantza eman diezaiekeen lehen titulua da, batez ere zuri-gorriei, Madril eta Barça bezalako bi erraldoien lepotik. Marcelinok titulu bat irabaz dezake egun gutxiren buruan, eta Ernesto Valverderen lekukoa hartu.
Balizko hamaikakoak:
Bartzelona: Ter Stegen; Dest o Mingueza, Araujo, Lenglet, Alba; Busquets, De Jong, Pedri; Dembélé, Messi edo Braithwaite eta Griezmann.
Athletic: Unai Simón; Capa, Nuñez, Iñigo Martínez, Balenziaga; De Marcos, Vencedor, Dani García, Muniain; Raúl García eta Williams.
Epailea: Jesús Gil Manzano (Comité Extremeño).
Futbol-zelaia: La Cartuja.
Ordua: 21:00.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa