Athletic club
Errege Kopa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guruzetak bere lehen gola lortu du zuri-gorri gisa, Susaetak Athleticekin 500 partida bete dituen norgehiagokan.
Gorka Guruzeta Joris Gnagnonekin norgehiagokan. Argazkia: EFE
Athleticek 0-1 menderatu du Sevilla Sanchez Pizjuanen, Errege Kopako final-zortzirenetako itzulikoan, baina zuri-gorriek ezin izan dute aurrera egin txapelketan; izan ere, joanekoan San Mamesen 1-3 galdu zuten.
Bilbotarren gola beranduegi iritsi da, 76. minutuan, eta ez die denborarik eman kanporaketa gainditzeko behar zituzten beste bi golak sartzeko.
Talde biek aldaketa ugari izan dituzte hamaikakoetan. Zuri-gorrien aldetik, Ibai Gomezek hasieratik ekin dio partidari bere elastiko berriarekin. Markel Susaetarentzat ere norgehiagoka berezia izan da, dagoeneko 500 aldiz jantzi baitu Athleticen elastikoa partida ofizialetan lehen taldean dagoenetik.
Andaluziarrek errenta handia zuten alde, baina, hala ere, gogotsu ekin diote lehiari. Dena dela, lehen zatiko aukerarik garbienak Athleticenak izan dira.
Horietako batean, Gorka Guruzeta aurrelari gaztea neurketako estreinako gola sartzeko zorian egon da, partidako lehen ordu laurdena bete denean; alabaina, ez dio behar adina indarra eman Ibai Gomezek eskuineko hegaletik maisutasunez erdiratutako baloiari. Azkenerako, baloia mantso-mantso heldu da Juan Soriano atezainaren eskuetara.
Ondoren, neurketaren erritmoak behera egin du, eta bata zein bestea nekez heldu dira arriskuarekin arerioaren areara.
Aitzitik, lehen zatia amaitzear zegoela, Guruzetak beste abagune garbi bat izan du, Ibaik egindako beste erdiraketa batean. Aurrelari gipuzkoarraren ahaleginak, ordea, ez du bere xedea lortu, zutoinetik gertu joan bada ere. Ondorioz, norgehiagoka hutsean amaitu da lehen zatian.
Bigarren zatiari heldu eta berehala, Munir izan da sevillarrentzat gola egiteko zorian egon dena, baina area barruan egin duen erremateak kanpoaldetik jo du Unai Simonen ateko sarea.
Tarte horretan, talde biek bizkortu dute euren jokoa. Sevilla sakontasun gehiago aurkitzen saiatu da, eta Sarabiak aukera paregabea izan du. Balenziagak eragotzi du gola, azken unean.
Gerora, Athleticek sortu du arriskua. Jokaldi on baten ondoren, De Marcosi iritsi zaio baloia Sevillaren area barruan, indartsu erdiratu du bigarren zutoinera, eta, ondorioz, Guruzeta ez da garaiz heldu baloia errematatzera.
Neurketak joan-etorri ugari izan ditu, baina gola ez da azken ordu laurdenera arte iritsi. Guruzetak ez du barkatu bere hirugarren aukera garbian, eta zailena zirudiena gauzatu du. Susaetaren erdiraketa bat buruz errematatu du, eta Soriak ezin izan du harrapatu.
Neurketaren azken txanpan, Garitanoren mutilak ahalegindu dira etxeko taldeari urduritasuna eragingo zion bigarren gola egiten, baina markagailua bere horretan geratu da.
Fitxa teknikoa:
Sevilla 0: Juan Soriano, Aleix Vidal, Mercado, Carriço, Gnagnon, Promes, Roque Mesa (Ever Banega, 74. min), Amadou, Franco Vazquez (Sarabia, 63. min); Ben Yedder (Bryan, 71. min) eta Munir.
Athletic 1: Unai Simon, De Marcos, Unai Nuñez, Unai Lopez (Dani Garcia, 65. min), Balenziaga; Iturraspe (Muniain, 73. min), Nolaskoain, Ibai Gomez, San Jose, Susaeta (Cordoba, 81. min) eta Guruzeta.
Golak: 0-1, 76. min: Guruzeta.
Epailea: Jose Luis Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: Carriço (89. min) eta Muniain (93. min).
Hurrengo zuzenekoak
16 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Lau t'erdiko Serie B Finala: Bakaikoa vs Larrazabal |
17 | 23:00 - 01:00 | BOXEOA | Espainiako Txapelketak |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa