Athletic club
Errege Kopa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kopako final-zortzirenetako joaneko partidan Athleticek ezin izan dio talde andaluziarraren nagusitasunari eutsi, eta ondorioz, ez du esperotako maila eman.
Athletic 1 - Sevilla 3. Argazkia: EFE
Albisteak (3)
Bideoak (1)
Athleticek galdu egin du Sevillaren aurka zazpi egunen buruan jokatu behar dituen norgehiagoketako lehena. Bilbotarren eta sevillarren arteko Errege Kopako final-zortzirenetako joaneko partida hartu du ostegun honetan San Mamesek, eta andaluziarrak gehiago izan dira (1-3).
Nolitok berehala jarri du aurretik Sevilla (6. minutua) Mudo Vazquez argentinarraren pase bat ederki aprobetxatuta. Gol hori kolpe handia izan da zuri-gorrienzat, eta Sevillak baliatu egin du lehen zatian neurketaren kontrola berea izan zedin.
Dena den, bilbotarrek berdinketa lortzeko parada izan dute atsedenaldira heldu orduko, baina VARak baliogabetu egin du Adurizek sartutako gola. Jokoz kanpokoa adierazi du, goleko jokaldiaren hasiera-hasieran gertatutako ekintza bategatik. Gainera, Athleticen aurrelariak min hartu du jokaldi horretan bertan, eta Muniain atera behar izan da haren ordez atsedenaldia iritsi orduko.
Erasoko jokalari nafarra izan da, hain zuzen ere, bigarren zatiko hastapen zoroari aukera argi batekin hasiera eman diona, baina bere txilena ahalegina Sorianoren zutoin albotik kanpora joan da, doi-doi. Dena dela, etxekon berdinketaren gola handik gutxira iritsi da, 49. minutuan. Mikel San Josek buruz eraman du baloia sare barrura Susaetak atera duen korne batean.
Alabaina, poztasunak ez du asko iraun San Mameseko harmailan, andaluziarrek bigarren gola erdietsi baitute lau minutu geroago. Hain zuzen ere, ondo baino hobeto zigortu dute Gaizka Garitanoren jokalariek zelai erdian galdu duten baloi bat, eta Andre Silvak ez du errukirik izan Unai Simonen aurrean.
Gerora Susaetak ez du asmatu ondo errematatzen Sevillaren area barruan, eta hor agortu zaizkio Athletici Sanchez Pizjuanera kanporaketari buelta eman ahal izateko moduko emaitza batekin joateko esperantzak; izan ere, handik gutxira Ben Yedderrek 1-3koa igoarazi du markagailura San Joseren hutsegite baten ondoren.
Ondorioz, zuri-gorriei oso zail jarri zaie kanporaketa, eta balentria bat egin beharko lukete datorren asteazkenean, urtarrilaren 16an, jokatuko den itzuliko partidan.
Fitxa teknikoa:
Athletic 1: Unai Simon, Capa, Yeray, Unai Nuñez, Balenziaga; Susaeta (De Marcos, 78. min), Iturraspe, San Jose, Cordoba (Williams, 66. min), Guruzeta eta Aduriz (Muniain, 42. min).
Sevilla 3: Juan Soriano, Mercado, Kjaer, Carriço, Promes, Roque Mesa (Banega, 55. min), Amadou, Franco Vazquez (Sarabia, 76. min), Arana, Nolito eta Andre Silva (Ben Yedder, 68. min).
Golak: 0-1, 6. min: Nolito. 1-1, 49. min: San Jose. 1-2, 53. min: Andre Silva. 1-3, 77. min: Ben Yedder.
Epailea: Carlos del Cerro Grande. Txartel horiak: San Jose (Athletic); Roque Mesa eta Vazquez (Sevilla).
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:50 - 12:15 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:20 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa