Athletic club
Final-hamaseirenak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zuri-gorriek Adurizen (2), Beñaten eta Insuaren (bere atean) golen bidez hartu dute mendean Huesca.
Aduriz eta Williams Huescaren aurkako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek nagusitasunez irabazi dio Huescari (4-0) asteazken honetan, Errege Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidan. Garaipen horrek arnas apur bat ekarri dio Eduardo Berizzoren taldeari, Ligako ibilbide kaskarra zuzentzea lortzeko ahaleginean.
Lehen Mailako sailkapeneko azken postuetan dauden bi taldeen arteko lehian, Aritz Adurizek bere taldearen lehenbiziko gola zein hirugarrena erdietsi ditu, buruz biak. Lehena falta batean egin du, Beñaten erdiraketa onari amaiera ederra emanda. Bigarrena, berriz, De Marcosek eskuin hegaletik buruan jarri dion baloi bat sarera bidalita lortu du.
Athleticen bigarren gola, ordea, Insua Huescako atzelariak sartu du bere atean. Izan ere, bisitarien atezainak, Williamsek eskuin hegaletik area barruan jarri duen baloi arriskutsua aldentzeko ahaleginean, bere taldekidearen belaunaren aurka bota du, eta baloiak sare barruan amaitu du, errebotez.
Gerora iritsi da laugarren gola, bigarren zatian, Beñat Etxebarriak falta batean baloia zuzenean sare barrura jaurti duenean.
Nahiz eta lau gol jaso dituzten, bisitariak arriskua sortzeko gai izan dira partidako zenbait unetan. Horren adierazle garbia da Chimy Avila argentinarrak lehen zatian area ertzetik egindako jaurtiketa bortitzak zutoina jo izana. De Marcosek atzealdean galdu duen baloi baten ondoren iritsi da jokaldi arriskutsu hori.
Aipatutako aukeraz gain, beste zenbait hurbilketa arriskutsu izan dituzte Unai Simonen atearen inguruan, baina Murgiako atezaina oso fin ibili da kanpotarren ahaleginak ezerezean uzteko.
Horrenbestez, garaipen horrekin, kanporaketa ia zeharo erabakita uzteaz gain, Athleticek eten egin du partidarik irabazi ezinda kateatu dituen 12 neurketako bolada txarra. Hain zuzen ere, zuri-gorriek abuztutik zeuden neurketarik irabazi gabe. Azken garaipena Ligako lehen partidan lortu zuten, Leganesen aurka.
Fitxa teknikoa:
Athletic 4: Unai Simon, De Marcos, Nolaskoain, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche, San Jose, Beñat (Dani Garcia, 64. min), Muniain; Guruzeta (Capa, 78. min), Williams eta Aduriz (Ganea, 73. min).
Huesca 0: Werner, Akapo, Insúa, Semedo (Pulido, 33. min), Brezancic (Miramon, 46. min), Aguilera, Sastre; Gürler (Camacho, 80. min), Rivera, Chimy Avila eta Longo.
Golak: 1-0, 10. min: Aduriz. 2-0, 27. min: Insua (bere atean). 3-0, 32. min: Aduriz. 4-0, 55. min: Beñat.
Epailea: Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: San Jose (Athletic); Chimy Avila, Sastre eta Brezancic (Huesca).
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa