Athletic club
2-2
Erredakzioa
Zuri-gorriek bina (2-2) berdindu dute Benito Villamarinen. Athletic 0-2 aurreratu da Williamsen eta Raul Garciaren golekin. Susaeta egotzia izan da, eta Betisek lehia berdintzea lortu du.
Epaileak Markel Susaeta egotzi duen unea. Argazkia: EFE
Athleticek bina (2-2) berdindu du Betisen aurka Benito Villamarinen jokatu duen Ligako bosgarren jardunaldiko partida. Zuri-gorriek 6 puntu eskuratu dituzte orain arte jokatutako 4 partidetan eta porrotik jaso gabe jarraitzen dute.
Oso ondo ekin dio neurketari Athleticek. Zuri-gorriek Betisen baloi irteera presionatu dute, eta ezinean ibili da Andaluziako taldea. Berizzok zuzentzen duen taldea baloiaren jabe egiten hasi da, eta 7. minutuan gola sartu du; Raul Garciaren errematea aldendu du Pau atezainak, aldaratzea Rauli iritsi zaio, baloia ahal izan duen moduan jo, eta Williamsek sare barrura bidali du errematea (0-1). Gola sartu ostean, erabat nagusi izan da Athletic eta Betisek ez du abagune bakarra sortu. Kontrolpean izan du norgehiagoka talde bizkaitarrak eta nagusitasun horrek saria jaso du Raul Garciak 18. minutuan sartu duen golarekin (0-2); area kanpotik jaurtiketa gurutzatu bikaina egin du, zuri-gorrien bigarren gola sartzeko. Ordutik aurrera kontrolpean izan du lehen zatia Athleticek, Betisek ez du abagunerik sortu, baina atsedenaldira iritsi orduko, Susaetak falta egin du hegalean, bigarren txartel horia ikusi du, eta egotzia izan da.
Bigarren zatiari hamar jokalarirekin ekin dio Berizzok zuzentzen duen taldeak. Betisek, jokalari bat gehiago duela jakitun, erasora jo du itsu-itsuan eta 51. minutuan aldeak murriztu ditu Bartraren golari esker (1-2). Betisek gola sartu ostean, defentsako lanean tinko ibili da Athletic eta Quique Setienek zuzentzen duen taldeak ez du abagune askorik sortu, baloiaren jabetza izan duen arren. Zuri-gorriak saiatu dira kontraerasoen bat antolatzen, baina ez dute lortu. Betisek erasoan jarraitu du, eta 68. minutuan Canalesek partida berdindu du (2-2). Binakoaren ostean, Unai Simon atezainak gelditu bikaina egin dio Lorenen erremateari, eta andaluziarren hirugarren gola eragotzi du. Azken minutuetan nahiko ondo ibili da Athletic defentsako lanean. Betisek, ordea, abagune pare bat izan ditu; Sanabriak oso gutxigatik bidali du kanpora errematea, eta Bartrak egin duen jaurtiketa Unai Simonek harrapatu du. Ondorioz, amaieran, puntu bana talde bakoitzarentzat.
Fitxa teknikoa:
2 - Betis: Pau Lopez; Francis (Inui, 78. min), Mandi, Bartra, Sidnei, Junior (Tello, 62. min); Canales, Guardado; Joaquin, Lo Celso (Loren, 65. min); eta Sanabria.
2 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo Martinez, Balenziaga; Susaeta, Dani Garcia, Beñat (San Jose, 73. min), Yuri Berchiche; Raul Garcia (Capa, 56. min) eta Williams (Muniain, 81. min).
Golak: 0-1, 7. min: Williams. 0-2, 18. min: Raul Garcia. 1-2, 51. min: Bartra. 2-2, 68. min: Canales.
Epailea: Xavier Estrada Fernandez. Susaeta egotzi du bi txartel horia aterata (38. min eta 45. min). Txartel horiak atera dizkie Yeray (40. min), Beñat (45. min), Yuri Berchiche (50. min), Iñigo Martínez (87. min), Unai Simon (93. min), Canales (53. min) eta Sidnei (70. min) jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa