Athletic club
Europa Liga
agentziak | erredakzioa
Zuri-gorriak 0-3 joan dira irabazten atsedenaldira, eta nahiz eta bigarren zatian une gaiztoak igaro dituzten emaitza ona dakarte Bilbora.
Adurizek ez du huts egin Europako partidatan sartu ohi duen golarekin. Argazkia: EFE
Athleticek emaitza paregabea lortu du ostegun honetan, Stadion Spartak zelaian, Spartak Moskuri 1-3 irabazi ostean. Bilbotarrek Europa Ligako final-hamaseirenetako joanekoan asko hobetu dute azkenaldian erakusten ari ziren irudia zein jokamoldea, eta San Mameseko partidari abantailarekin ekingo diote datorren astean.
Ligako irregulartasuna ez da Moskun agertu, eta norgehiagokan zehar erori den elurrak etxekoak izoztu ditu, ez, ordea, zuri-gorriak. Atsedenaldira kanporaketa oso alde zutela joan dira 'Kuko' Zigandaren mutilak (0-3); aitzitik, etxekoak euren zaleen txistu artean sartu dira aldageletara.
Abendutik neurketa ofizialik jokatu ez izateak kalte egin dio agian Spartaki (Errusiako ligak neguan egiten duen geldialdia dela-eta); dena den, Athleticek, bi gol egin dituen Aritz Aduriz gidari zuela, Europako gau onentsuenak ekarri ditu gogora.
Aurrelari donostiarraren golak une garrantzitsuetan iritsi dira, bata zein bestea: lehendabizikoak aurretik jartzeko balio izan du; bigarrenak lasaitasuna ekarri dio taldeari, Spartakek jokoaren ekimena bereganatu duenean. Are erabakigarriagoa izan da Mikel Ricok 45. minutuan erdietsi duena, nahiz eta UEFAren arabera Kutepovek sartu duen bere atean, Arrigorriagako erdilariaren jaurtiketa oztopatzen saiatu denean. Luiz Adrianok bigarren zatian sartutako golak emaitza itxuratu besterik ez du egin.
Horrez gain, norgehiagoka bukatzear zegoela, Sabin Merinok ez du asmatu 1-4koa izan zitekeena gauzatzen. Atezainaren aurrean geratu da, baina Rebrov gainditu duen arren, bere jaurtiketa desbideratuta atera da, oso gutxigatik izan bada ere. Aukera horretan kanporaketa ia guztiz erabakita uzteko zorian egon da Urdulizeko aurrelaria. Hala ere, Athleticek oso aldeko ditu gauzak txapelketan aurrera egiteko, baldin eta San Mamesen ezusteko handirik gertatzen ez bada.
Helburua erdiesten badute, Adurizen golei esker izango da hein handi batean (dagoeneko zazpi sartu ditu aurtengo denboraldian Europa Ligan). 37 urte bete berri dituen jokalariak gola erdietsi du Athletic area ingurura hurbildu den lehen saiakeran. Raul Garciak sakonean eman dion pase bat jaso, atezain errusiarrari izkin egin eta baloi sare barruan utzi du, oso posizio behartuan egonagatik ere.
Bere bigarrena Athletic unerik txarrenak pasatzen zegoenean etorri da. Markel Susaetak falta bat jaurti du zuzenean, baina hesian jo du. Baloiaren alderatzea, ordea, oso argi ibili den Adurizi iritsi zaio, eta ez du barkatu orduko horretan ere.
Hirugarren golean landutako jokaldi bati etekina atera diote zuri-gorriek, zeharkako falta batean. Williamsek area txikiko eskuin hegalean hartu du baloia, bere erdiraketa atzelariek alderatzea lortu dute, baina Mikel Ricori heldu zaio baloia, zeinak baloia gogotsu jo eta ate barruan bukatu duen, Kutepov atzelariaren gola saihesteko ahalegin antzuaren aurrean.
Fitxa teknikoa:
Spartak Mosku 1: Rebrov; Kombárov, Tasci, Kutépov, Yéschenko; Fernando, Zobnin, Glushakov (Hanni, 75. min); Melgarejo (Ze Luís, 59. min), Promes eta Luiz Adriano.
Athletic Club 3: Iago Herrerín; De Marcos, Yeray, Etxeita, Lekue; Iturraspe, Mikel Rico; Williams (Sabin Merino, 82. min), Raúl García, Susaeta (San José, 67. min); eta Aduriz.
Golak: 0-1, min. 22: Aduriz. 0-2, 40. min: Aduriz. 0-3, 45. min: Mikel Rico. 1-3, 61. min: Luis Adriano.
Epailea: Benoit Bastien (FRA). Txartel horiak: Raúl García eta Etxeita (Athletic) eta Luiz Adriano (Spartak).
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa