Athletic club
Europa Liga
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Athleticek Europa Ligako final-hamaseirenetako kanporaketan izango duen aurkariak bere herrialdeko liga erdietsi zuen joan zen urtean, hamasei urte eta gero.
Quincy Promes, talde errusiarrak duen jokalari arriskutsuenetakoa. Argazkia: EFE
Spartak Mosku, Athleticek Europa Ligako final-hamaseirenetako kanporaketan izango duen aurkaria, Errusiako historia garaikidean titulurik gehien irabazi dituen taldeetako bat da, joan zen mendeko 90eko urteetan izan zuen etapa loriatsuaren ostean.
1991n Sobietar Batasuna desegin zenetik irabazi dituen 11 titulu nazionaletatik 10 lehenak errenkadan lortu zituen 1992 eta 2001 urteen artean, Errusiako liga oso ahul zegoen garaian.
Beste hamasei urte eman zituen Errusiako liga joan zen urtean berriro irabazi aurretik. Askorentzat garaikur hori lortzearren arrazoi nagusienetakoa taldeak duen entrenatzailea da, hots, Juventuseko jokalari historikoa izandako Massimo Carrera.
Aurten, aldiz, zaila dauka etxeko txapelketan gailentzeko; izan ere, lehiaketako bi heren igaro direnean, liderra den Lokomotivek bost puntu ateratzen dizkio eta, gainera, partida bat gehiago jokatu behar du.
Egungo Errusiako txapeldunak Txapeldunen Ligako multzoen fasean agerraldi ikusgarriak egin zituen Moskuko bere zelai berrian, Sevilla aise azpiratu eta Liverpoolen aurka berdintzea lortu baitzuen.
Alabaina, oso itxura eskasa eman zuen ligaxkako azken norgehiagokan, 7-0eko porrot mingarria hartu baitzuen Liverpoolen etxean, hau da, inoiz talde errusiar batek Europan jaso duen jipoirik handiena.
Asteburu honetan, ordea, ordaina hartu dute euren zaleen aurrean, 3-0 irabazi baitiote CSKA Moskuri eta sailkapenean aurreratu dute.
Jardunaldi hori neguko geraldi luzearen aurretik jokatu duten azkena izan da, Errusiako taldeek ez dutelako euren ligan lehiatuko martxoko lehen asteburura arte herrialde hartan izaten duten eguraldia ankerra dela eta.
Spartakek bi hamarkada daramatza Txapeldunen Ligako multzoen fasea gainditu ezinda. Hori egitea lortu zuen azken aldia 1995/1996 denboraldian izan zen, final-laurdenetaraino iristea lortu zuenean. Bestalde, nazioarteko txapelketetan inoiz izan duen emaitzarik onena 1990/1991n erdietsi zuen. Garai hartan antzinako Europako Kopan jardun zuen eta final erdietaraino heldu zen.
Europa Ligako joaneko partida Moskun jokatuko da, otsailaren 15ean, eta itzulikoa astebete geroago, otsailaren 22an, San Mamesen.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa