Athletic club
Europa League
Agentziak | Erredakzioa
Zuri-gorriek hiru puntuak erdietsi dituzte, eta ez dute beste markagailuei begira egon behar sailkapena lortzeko. Nahikoa lukete berdinketa bat Zoryaren aurka.
Williams eta Aduriz (bitan) izan dira etxekoen golegileak. Argazkia: EFE
Athleticek puntu bakarrera du Europa Ligako final-hamaseirenetarako sailkapena, Hertha Berlini etxean irabazi eta gero, partida irauli ostean (3-2). Zuri-gorriek partida bukatzeko zortzi minutu falta zirela sartu dute garaipenaren gola.
Zigandaren taldea behartuta zegoen irabaztera eta lortu egin du, nahiz eta ez dioten lehiari modurik eta egokienean ekin. Alabaina, emaitza bere alde jartzea erdietsi dute bi aldiz markagailuan azpitik izan eta gero, eta, horrenbestez, txapelketan bizirik irauteko ezinbestekoak ziren hiru puntuak poltsikoratu dituzte. Horrenbestez, gaurko garaipenarekin, Athleticeko zortzi puntu ditu, eta nahikoa luke azken jardunaldian Ukrainan Zoryaren aurka berdintzea sailkapena bereganatzeko.
Aitzitik, bilbotarrek aparteko ahalegina egin behar izan dute Hertha azpiratzeko, alemaniarrak oso oldarkor zelairatu baitira. Horrela, bata bestearen atzetik etorri dira Lazaroren bi aukerak, Herrerinek ondo gelditu dituenak.
Ordea, ezin izan du gauza bera egin Leckieren burukadaren aurrean, 26. minutuan. Izan ere, ezkerreko hegaletik erdiratutako baloi bat sare barrura eraman du alemaniarrak, eta aurretik jarri ditu Pal Dardairen mutilak.
Dena den, Athleticek berdinketa egin du handik gutxira penalti puntutik. Arbitroak zigortu egin baitu Iñaki Williamsi area barruan egin dioten falta, eta Adurizek ez du barkatu.
Baina pozak apenas iraun die etxekoei, ia erditik atera eta segituan berriz ere aurretik jarri baitira alemaniarrak Selkeren eskutik, kontraeraso bat ezin hobeto gauzatu ondoren. 1-2koarekin Athletic ia aukerarik gabe zegoen txapelketan jarraitzeko, beste batzuen emaitzen mende.
Erreakzioa
Bigarren zatia hastearekin batera Athleticek beste itxura bat eman du. Zigandak bi aldaketa egin ditu hasieratik (Iturraspe eta Susaeta zelairatu ditu San Joseren eta Aketxeren ordez), eta batez ere eibartarraren ekarpena nabarmendu da.
Etxekoek hainbat korner ateratzea lortu dute eta Alemaniarrak euren zelaitik atera ezinda ibili dira une askotan. Halako batean, epaileak beste penalti bat adierazi du Athleticen alde (Langkamp kapitainak eskuz ukitu du garbi baloia), eta Adurizek gol bihurtu du bigarrenez. Ondoren (82. minutuan), harmailetara zoramena eraman duen gola etorri da. Susaetak hasitako kontraeraso bat Balenziagari heldu zaio, eta hark Williamsi esku-eskura utzi dio gola. Aurrelariak ondo jo du baloia, eta atezainaren ahalegina saihetsi du.
Modu horretan, Athletic J Multzoko bigarren tokian dago, Ostersund talde suediarrarengandik bi puntura. Nahikoa du azken jardunaldian Zoryaren etxean berdintzearekin hurrengo kanporaketara sailkatzeko. Hertha, bere aldetik, txapelketan aurrera egiteko aukerarik gabe geratu da.
Fitxa teknikoa:
Athletic 3: Iago Herrerín; Lekue, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San José (Iturraspe, 46. min), Mikel Rico; Williams, Aketxe (Susaeta, 46. min), Córdoba (Raúl García, 80. min); eta Aduriz.
Hertha Berlín 2: Kraft; Weiser, Langkamp, Rekik, Plattenhardt; Lustenberger, Maier; Leckie (Esswein, 72. min), Lazaro (Ibisevic, 80. min), Mittelstadt; y Selke.
Golak: 0-1, 26. min: Leckie. 1-1, 35. min: Aduriz, penaltiz. 1-2, 36. min: Selke. 2-2, 66. min: Aduriz (penaltiz). 3-2, 82. min: Williams.
Epailea: Paolo Tagliavento (Italia). Txartel horiak: Laporte, Etxeita eta Raul Garcia (Athletic) eta Selke (Hertha).
J Multzoko sailkapena
1. Ostersund 10 puntu
2. Athletic 8 puntu
3. Zorya 6 puntu
4. Hertha Berlín 4 puntu
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa