Athletic club
2-1
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak itxura kaskarra eman du, galiziarrak jaun eta jabe izan dira, baina azken hamabi minutuetan emaitza irauli dute bizkaitarrek Adurizek eta San Josek sartutako golei esker.
Albisteak (4)
Athleticek garaipena lortu du Celtaren aurka (2-1) San Mamesen, azken hamabi minutuetan bi gol sartu eta bisitarien hasierako gola iraulita. Hiru puntu hauekin, zuri-gorriek LaLigako sailkapeneko zazpigarren postuan amaitu dute urtea Europa Leagueko postuetaik bi puntura eta Txapeldunen Ligarako txartela ematen duen laugarren postutik (Vila-real) hiru puntura.
Celta baloiaren jabe egin da lehen minutitik eta hasierako ordu erdian jaun eta jabe izan da Vigoko taldea. Bosgarren minutuan Guidetti bakarrik geratu da Kepa atezainaren aurrean eta jaurtiketa kanpora bidali du ate guztia berarentzat zuenean. Athletic ezinean ibili da. Celtak dantzan ibili ditu jokalari zuri-gorriak eta 18. minutuan beste abagune ezin hobe bat izan dute; Iago Aspasek langara bidali du Kepa Arrizabalagaren gainetik bidalitako baloi loratua. Norgehiagokako 30. minutura arte Athleticek ez du abagunerik izan eta minutu horretan penaltia eskatu dute zuri-gorriek Adurizen erremateak Cabralen eskuan jo baitu area barruan; epaileak, ordea, ez du ezer adierazi. Bederatzi minutu beranduago Ruben atezainak Athleticen gola eragotzi du Adurizen erremateari erantzun paregabea emanda. Jarraian, epaileak ez du etxeko taldearen aldeko beste penalti bat adierazi Ronclagiak area barruan Raul Garciari emandako ukabilkada ez duelako ikusi nahi izan. Atsedenaldira iritsi orduko Raul Garciak gora bidali du errematea Beñaten erdiraketa on baten ondoren.
Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren antzekoa izan da; Celta baloiaren jabe eta Athletic erabat galduta. Iago Aspasek zutoinera bidali du jaurtiketa 48. minutuan, baina sei minutu geroago aurrelari galiziarrak ez du Kepa atezainaren aurrean barkatu eta 0-1ekoa sartu du. Gola jaso ostean Athleticek ez du jokoa hobetu eta Celtak jarraitu du jaun eta jabe izaten. Iago Aspasek bigarren gola sartzeko abagunea izan du 69. minutuan, baina Kepa Arrizabalagak erantzun bikaina eman, baloia desbideratu eta gola eragotzi du. Ondoren Athleticek bi abagune izan ditu; Yerayk langa gainetik kanpora bidali du area kanpotik egin duen jaurtiketa eta Adurizen burukada ere gora joan da. Celtak partida erabakita uzteko aukera izan du 79. minutuan, baina Kepa atezainak berriro galiziarren gola eragotzi du Rodojaren jaurtiketa desbideratuta. Athleticeko atezainak bizirik mantendu du bere taldea partidan egin dituen gelditu ikusgarriekin.
Norgehiagokako 80. minutuan iritsi da jokaldi erabakigarria: Roncagliak falta egin dio Williamsi area barruan, epaileak Athleticen aldeko penaltia adierazi eta bigarren txartel horia atera dio Roncagliari. Celta jokalari bat gutxiagorekin geratu da, eta Adurizek banakoa (1-1) sartu du penaltiz. Jokalari bat gehiagorekin garaipenaren bila jo du Athleticek, baina ez du abagune argirik sortzea lortu. Hori bai, azkeneraino ekinean jarraitu dute zuri-gorriek eta 93. minutuan, azken unean, San Josek 2-1ekoa sartu du Athletici garaipena emanez.
Fitxa teknikoa:
2 - Athletic: Kepa; Lekue, Boveda, Yeray, Balenziaga; Vesga (San Jose, m.46), Beñat; Williams, Raul Garcia (Sabin Merino, 73), Muniain (Susaeta, m.63); eta Aduriz.
1 - Celta: Ruben Blanco; Hugo Mallo, Cabral, Roncaglia, Jonny; Radoja, Hernandez, Wass; Aspas (Sergi Gomez, m.82), Bongonda (Pione Sisto, m.86) eta Guidetti (Marcelo Diaz, m.70).
Golak: 0-1, m.54: Aspas. 1-1, m.82; Aduriz, penaltiz. 2-1, m.93: San Jose.
Epailea: Martinez Munuera.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa