Athletic club
Betisen aurka
Mikel Dominguez | eitb.eus
Zuri-gorriak markagailua iraultzen saiatu dira, baina Betisek ez dio erraz jarri, eta azkenean garesti ordaindu dute Ruben Castroren golean egindako akatsa.
Betis 1 - Athletic 0 / EFE.
Athleticek Betisen aurka galdu du Benito Villamarinen (1-0), eta etxetik kanpo gaizki jarraitzen du. Zuri-gorriek gola oparitu dute lehen zatian, eta gero ezinean ibili dira markagailuari buelta emateko, baloia izan arren.
Zuri-gorriak erasora jokatzeko asmoekin zelairatu dira, Betisen presio txikiaren aurrean. Adurizek oso aukera ona izan du 5. minutuan, Muniainek eta Williamsek jokaldi ona egin ostean.
Hala ere, lehen albistea Laportek 2. minutuan protesta egiteagatik ikusi duen txartel horia izan da. Bost minutu geroago, erdiko atzelariak gutxigatik ez du ikusi bigarren txartela, baloirik gabeko jokaldi batean egindako sarrera batengatik, eta 16.ean, epaileak Ruben Castrori erakutsi dio, Laporteren aurrean bere burua lurrera bota duela pentsatu duelako. Zuri-gorria, kanporatua izatetik hurbil.
Jokoa trabatuta zegoela, Betis bere lehen erasoko jokaldian jarri da aurretik. Ruben Castrok amaiera ezin hobea eman dio etxekoen jokaldi on bati. Beste behin, Laporte izan da protagonista, Betis taldeko hiru jokalari bakarrik utzi baititu falta bat eskatzen geratu denean; taldekideek ere ez diote askorik lagundu.
Williamsek markagailuan berdinketa jartzeko aukera izan du hurrengo jokaldian, baina atezainak gelditu egin dio jaurtiketa. 36.ean, beste jokaldi arriskutsu bat egin dute, baina ez dute golik egin. Jokoa asko trabatu da, eta erritmo faltak ez dio mesederik egin Athletici. Betis atzean sartu da, arriskua sortu du kontraerasoan, eta Athletic ez da eroso egon, jokaldiak bukatu ezinik.
Betis suspertu egin da lehen erdiko azken zatian, eta nagusitasuna eskuratu du. Aldea handitzeko hiru aukera izan ditu, bi kornerretan eta Ruben Castroren jaurtiketa batean. Athleticen azken abagunean, Muniainen jaurtiketa egin du baina Betis taldeko atzelari batek urrundu du.
Bigarren zatian, baloia berreskuratu du Athleticek. Lehenengo aukera Adurizena izan da, 49. minutuan korner bat buruz errematatuta. Beñatek jokoa kontrolatu du, baina zuri-gorriei asko kostatu zaie min egitea. Aurrean, Betis oso ondo kokatuta zegoen, serio.
60. minututik aurrera, zuri-gorriek arrisku handiagoa eraman dute andaluziarren atera, argiago iritsi baitira eta erremateak egin baitituzte. 61ean, adibidez, Williamsek erdiraketa egin du eta Adurizek errematatu, baina ez dute golik egitea lortu.
Athleticek, baina, ez du partida irekitzeko gakoa aurkitu. Betisek ez du beldurrik igaro. 83an, Muniainek baloi ona jarri dio Villalibreri (Adurizen ordez zelairatu da 70ean), baina zuri-gorriak ezin izan du errematatu. Hurrengo jokaldian, Betisek gertu izan du bigarrena, baina Balentziagak zuri-gorriak salbatu ditu, atezaina gaindituta zegoenean.
Azken baloia kanpora bidali du Williamsek, Beñaten falta jaurtiketa bikaina egin ondoren. Athletic beste porrot batekin itzuli da etxera, Europako postuetan sartzeko abagunea alferrik galduta.
FITXA TEKNIKOA
Betis: Adán; Piccini (Cejudo, 63. min), Mandi, Pezzella (Bruno, 65. min), Jose Carlos, Durmisi; Joaquin, Donk, Dani Ceballos; Sanabria eta Ruben Castro (Jonas, 71. min).
Athletic: Kepa Arrizabalaga; Boveda, Yeray, Laporte (Vesga, 46. min), Balenziaga; San Jose (Lekue, 46. min), Beñat; Raul Garcia, Muniain; Williams eta Aduriz (Villalibre, 70. min).
Gola: 1-0, 18. min: Ruben Castro.
: Ruben Castro.Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa