Athletic club
Athletic, txapeldun
E.G | EITB.EUS
Talde zuri-gorriari harrera egingo diote Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Hori dela eta, hiriko hainbat kaletan mugatuta egongo da ibilgailuen joan-etorria.
Zale askok gauean egin dute ospakizuna. Argazkia: EFE
Albisteak (1)
Lehoien orroa entzungo da gaur Bilbon. Athletic Bartzelonari gailendu zaio (5-1) Superkopan, eta, 31 urteren ostean, titulu bat ekarriko du hiribildura. Zaleek ongietorri beroa egingo diote astearte honetan, eta garaipena ospatzeko ekitaldi andana antolatu dira: lore eskaintza Begoñan, eta harrera Bilboko Udaletxean eta Foru Jauregian. Hori dela eta, gaur 14:30 eta 21:00ak bitartean, Bizkaiko hiriburura sartzeko, garraio publikoa erabiltzeko gomendatu du Udalak.
Ospakizunak eta omenaldia zuzenean ikusiko ditugu saio berezi batean, 15:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.
Ospakizunak direla eta, hiribilduko kale batzuetan ibilgailuen joan-etorria mugatuta izango da. Hala, murrizketak ezarriko dira Kale Nagusian, Plaza Biribilean, Buenos Aires kalean, Ernesto Erkoreka plazan, Areatzan, Campo Volantinen eta inguruko kaleetan.
Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, ekitaldiak 15:30ean hasiko dira, jokalariek Begoñako Basilikan Ama Birjinari egingo dioten lore eskaintzarekin. Ordubete geroago, 16:30ean, Juan Maria Aburto alkateak harrera egingo die Udaletxean, eta, 18:30ean, gauza bera egingo du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Foru Jauregian.
Hortaz, baztertuta geratu da, zale askok eskatu arren, gabarra Bilboko itsasadarretik aterata ospatzea titulua. 1983an eta 1984an halaxe egin zuten, Liga eta Kopa irabazi zituztenean.
Athleticek 'historia egin du'
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nabarmendu duenez, Athleticek "historia egin du" Superkopa Bizkaiko hiriburura ekarrita. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, pozarren agertu da alkatea: "Athletic titulu bat ere irabazten ikusi ez duen belaunaldi horrek ia ezinezkoa zela uste zuen, baina posible izan da", adierazi du.
"Gaurkoa gozatzeko eguna da, zaleek disfrutatzekoa. Athleticek historia egin du kopa Bilbora ekarrita", erantsi du.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ere garaipenaren kutsu "historikoa" azpimarratu du, eta zuri-gorrien "meritua" ospatzeko gonbita egin die "Bizkaiko herri guztiei". "Alde handiarekin irabazi du Athleticek, 5-1, eta bere balioei eutsita", nabarmendu du.
Bi agintariok Camp Nou futbol zelaian izan ziren atzo. "Ezin izan nion eutsi eta Adurizen gola txalotu nuen", aitortu du Rementeriak.
Zorionak @AthleticClub!!! Txapeldunak!!! pic.twitter.com/mhTtmVgPyx
? Juan Mari Aburto (@juanmariaburto) agosto 17, 2015
Bilbon, 'gaupasa'
Talde zuri-gorria bart gauean atera da Bartzelonatik, eta goizaldean heldu da Bizkaira. Asko izan dira Lezamara joan direnak jokalariei harrera egitera, eta zale mordoak hiriburuan egin dute ospakizuna:
Bilbon, zale zurigorriak jokalariak itxaroten Lezaman #supertxapeldunak pic.twitter.com/trIgnAq1ZN
? Athletic Club (@athletic_eus) agosto 18, 2015
Ernesto Valverde entrenatzaileak lan-saioa deitu du eguerdirako, Athleticek Eslovakiara bidaia baitu bihar bertan, Europa Ligako kanporaketa jokatzeko ostegunean, MSK Zilinaren kontra. Halere, entrenamendua amaitu ondoren, ospakizunerako tartea edukiko dute jokalari zuri-gorriek.
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:30 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa