Athletic club
Errege Kopa
Erredakzioa
Arrigorriagako jokalariak bi gol ikusgarri lortu ditu, eta zuri-gorriek Betisen aurkako kanporaketa irauli du. Bilboko taldeak Atleticoren aurka jokatuko du, final-laurdenetan.
Albisteak (3)
Informazio gehiago (1)
Athleticek 2-0 irabazi du Betisen aurkako final-zortzirenetako itzulerako norgehiagoka, eta Valverderen gizonek Kopako final-laurdenak jokatuko dituzte, Atletico Madrilen kontra. Joanekoan 1-0 irabazi zuen Sevillako taldeak, baina Mikel Ricok bi gol ikusgarri lortu ditu San Mamesen, eta zuri-gorriek kanporaketa irauli dute.
Andaluziako taldeak arrisku handia sortu du erasoan, neurketako aurreneko minutuetan, baina Athletic nagusitzen joan da, pixkanaka. Betisek oso sendo jokatu du defentsan, eta Ernesto Valverderen gizonek ezin izan dute gol aukera argirik sortu. Hala ere, zuri-gorriek erasoan gehiago sakatu dute, eta ezusteko jokaldi batean, Mikel Ricok 1-0ekoa jarri du markagailuan. Bizkaitarrak kontrol ederra egin du area barruan, eta aise gainditu du Sara atezaina.
De Marcosek 2-0ekoa lortzeko abagune oso argia izan du, 32. minutuan, baina arabarrak gehiegi gurutzatu du baloia. Garridoren gizonak suspertu egin dira, eta zuri-gorriek intentsitatea jaitsi dute. Hala ere, Bilboko taldea nagusi izan da lehenengo zatian, eta atsedenaldia kanporaketa berdinduta utzi du (1-1).
Betis indartsu irten da, bigarren zatian, eta Garridoren gizonek berdinketaren gola bilatu dute. Athleticek berriz ere agintzeko sufritu egin du, baina pixkanaka, zuri-gorriek aukera onak sortu dituzte. Ibai Gomezek abagune aparta izan du, 61. minutuan, baina Santuitxuak langa gainetik kanpora bidali du baloia.
Bilboko taldearen bigarren gola, Mikel Ricok eskuratu du, 67. minutuan. Arrigorriagako erdilariak zutoin ondotik sareetara bidali du baloia, eta Athleticek 2-0ekoa jarri du San Mameseko markagailuan. Ibaik hirugarren gola egiteko aukera bikaina izan du (80. minutuan), baina bilbotarraren errematea langa gainetik kanpora joan da, berriz ere. Azkenengo minutuetan zuri-gorriek asko sufritu dute, markagailuari eusteko, baina norgehiagoka 2-0ekoarekin bukatu da. Bizkaiko taldeak Errege Kopako final-laurdenak jokatuko ditu.
- Fitxa teknikoa:
2 - Athletic Club: Herrerin; Iraola, San Jose, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, Rico (Gurpegui, 87. minutuan); De Marcos, Herrera (Herrera, 78. minutuan), Ibai Gomez; eta Aduriz (Sola, 66. minutuan).
0 - Betis: Sara; Chica, Caro, Amaya, Didac; Lolo Reyes (Perquis, 67. minutuan), Matilla; Baptistao (Chuli, 75. minutuan), Salva Sevilla (Ruben Castro, 62. minutuan), Juan Carlos; eta Jorge Molina.
Golak: 1-0, 23. minutuan: Rico. 67. minutuan 2-0, Rico.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa