Athletic club
2-0, Granadaren aurka
Erredakzioa
Epaileak ez du Adurizi egindako penalti argia adierazi, eta Granadaren aldeko penalti eztabaidagarria adierazi du. El Arabik sartu ditu partidako bi golak (2-0).
Albisteak (2)
Bideoak (1)
Informazio gehiago (1)
Athleticek Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko aukera bikaina galdu zuen Granadaren aurka 2-0 galdu ostean. Carmenes zelaian itxura kaskarra eman du Athleticek. Epaileak ere ez dio mesede handirik egin talde zuri-gorriari, ez baitu Athleticen aldeko penalti argi bat adierazi.
Partidako lehen minutuak erritmo motelarekin jokatu ziren. Granadak area kanpotik egindako bi jaurtiketa desbideraturekin eman zituen lehen abisuak, baina Valverdek zuzentzen duen taldeak azkar erantzun zuen. Hamabigarren minutuan Herrerak pase dotorea eman zion Adurizi, baina aurrelaria ez zen errematea egitera iritsi. Hamabosgarren minutuan, epaileak ez zuen Athleticen aldeko penalti argia adierazi. Jeison Murillok Adurizi heldu egin zion area barruan errematea egitera zihoanean, baina epaileak ez zuen penaltia adierazi nahi izan. Jarraian, Granadak bi abagune argi izan zituen, eta ondoren Ibaik kale egin zuen Roberto atezainaren aurrean bakarrik geratu zenean. Beñatek pase bikaina eman, baina Ibaik huts egin zuen. 37. minutuan Susaetak gola sartu ahal izan zuen. Jokaldi oso ona egin zuen Athleticeko jokalariak, eta bere errematea zutoina urratuta kanpora joan zen. Horrenbestez, golik gabe amaitu zen lehen zatia (0-0).
Bigarren zatia hasi eta lasterrean Susaetak eduki zuen 0-1ekoa sartzeko abagunea, baina ez zuen Robertoren ate aurrean asmatu. Partida 52. minutuan galdu zuen Athleticek. Ander Herrera lokartu egin zen baloi bat aldentzerakoan, eta penaltia egin zion Jeison Murillori. Huts larria egin zuen Herrerak. El Arabik jaurti zuen penaltia, eta 1-0ekoa sartu zuen.
Gola hartuta, Athletic behera etorri zen, eta Granada izan zen nagusi. Korner batean, defentsa zuri-gorriek kale egin zuten, Diakhatek buruz atzera bidali, eta El Arabik sare barrura bultzatu zuen baloia, 2-0ekoa sartzeko. 61. minutua zen, eta Athletic 2-0 galtzen zebilen. Valverdek ere ez zuen asmatu aldaketak egiterakoan, Beñat kendu baitzuen bigarren gola hartu aurreko jokaldian.
Azken minutuetan, Athletic aldeak murrizten saiatu zen, baina alferrik izan zen. Zuri-gorriek oso gaizki jokatu zuten, eta punturik gabe itzuli ziren.
Fitxa teknikoa:
2 - Granada CF: Roberto; Nyom, Diakhate, Murillo, Angulo; Pereira (Foulquier, 69. min), Iturra, Recio, Brahimi (Dani Benítez, 81. min) (Fran Rico, 85. min); Buonanotte eta El Arabi.
0 - Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Gurpegi, Laporte; Susaeta, Beñat (De Marcos, 59. min), Mikel Rico, Ander Herrera, Ibai (Muniain, 53. min); eta Aduriz (Toquero, 71. min).
Golak: 1-0, (52. min): El Arabi, penaltiz. 2-0, (61. min): El Arabi.
Epailea: Alvarez Izquierdo.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa