Athletic club
2-1 Sevillaren aurka
Erredakzioa
Sevillak azkar sartu du 1-0ekoa, baina bigarren zatian zuri-gorriek partida berdintzea lortu dute (1-1). Navarro eta Laporte egotziak izan dira. Negredok partida erabaki du azken minutuetan.
Rakitic eta De Marcos baloiagatik lehian Sanchez Pizjuanen. Argazkia: EFE
Athleticek 2-1 galdu du Sevillaren aurka Sanchez Pizjuanen, eta talde zuri-gorriari asko kostatzen zaio bi garaipen jarraian lortzea. Negredok talde bizkaitarraren defentsa lerroa zorabiatu du, eta berak sartu ditu Sevillaren bi golak.
Azkar okertu zitzaion partida Athletici. Laugarren minutuan Negredok sare barrura bidali zuen Rakiticek egindako erdiraketa bikaina (1-0). Kale egin zuen Athleticek defentsako lanean. Gola jasota Sevillak erasora jo zuen, baina minutuak pasa ahala Athletic abaguneak sortzen hasi zen. Lehen zatiko azken minutuak joan etorrikoak izan ziren, eta bi taldeek abaguneak izan zituzten arren, ez zuten aukariaren ate aurrean asmatu, eta etxeko taldearen aldeko 1-0ekoarekin iritsi zen partida atsedenaldira.
Bigarren zatian aldaketak egin zituzten bi taldeek. Sevillan Botia zelairatu zen Manu del Moralen ordez, eta Athleticek aldaketa bikoitza egin zuen Aduriz eta Iturraspe Llorenteren eta San Joseren ordez. Unai Emeryk zuzentzen duen taldeak 2-0eko sartzeko aukera bikaina izan zuen bigarren zatiaren hasieran, baina Negredok ez zuen Iraizozen aurrean asmatu. Sevillak barkatu egin zuen, eta Athleticek partida berdintzea lortu zuen 55. minutuan (1-1). Gurpegui izan zen golegilea.
Gola sartuta Athleticen jokoak hobera egin zuen. 73. minutuan Fernando Navarrok bigarren txartel horia ikusi zuen, eta Sevilla jokalari bat gutxiagorekin geratu zen. Athleticek, ordea, ez zuen egora baliatzen jakin, eta Laportek bi minututan bi txartel horia ikusi zituen. Frantziarrak hamar jokalarirekin utzi zuen taldea.
Norgehiagokako azken minutuetan bi taldeek izan zuten gola sartzeko abaguneren bat, baina Sevilla izan zen aurkariaren ate aurrean asmatu zuena. Reyesek pase dotorea eman zion Negredori, eta Vallecaseko aurrelariak ez zuen barkatu. 2-1ekoa zen, eta gol horrek garaipena eman zion Sevillari.
Fitxa teknikoa:
2 - Sevilla: Beto; Coke (Cicinho, 81. min), Fazio (Perotti, 65. min), Fernando Navarro, Alberto Moreno; Medel, Rakitic, Kondogbia; Reyes, Manu Del Moral (Botia, 46. min); eta Negredo.
1 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola (Ramalho, 70. min), Gurpegui, Ekiza, Laporte; San Jose (Iturraspe, 46. min), De Marcos, Ander Herrera; Ibai Gomez, Muniain; eta Llorente (Aduriz, 46. min).
Golak: 1-0, 4. min: Negredo. 1-1, 55. min: Gurpegui. 2-1, 86. min: Negredo.
Epailea: Antonio Miguel Mateu Lahoz.
Hurrengo zuzenekoak
20 | 16:30 - 19:00 | PALA | Gabonetako jaialdia: Gaubeka-Gordon vs Madariaga-Urrutia eta Maldonado-Del Rio vs Fusto-Perez |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa