Athletic club
3-0
Erredakzioa
Neurketa zirraragarria izan da, eta zuri-gorriek urrezko hiru puntu lortu dituzte. San Jose, Susaeta eta De Marcos izan dira golegileak.
Argazkia: EFE
Athleticek garaipen garrantzitsua lortu du Atletico Madril 3-0eko markagailuarekin mendean hartuta. Zuri-gorriek merezitako hiru puntu eskuratu dituzte San Jose, Susaeta eta De Marcos jokalarien golekin.
Athletic grinatsu batek joko ona eskaini du lehen zatian. Zuri-gorriena izan da baloiaren jabetza, eta markagailua estreinatzeko hainbat gol aukera izan dituzte. De Marcosek, Herrerak, Muniainek...baina garbiena Susaetarentzat izan da 20. minutuan. Eibartarrari jaurtiketa bikaina atera zaio, baina Courtoisek eskuineko oinarekin aldaratu du baloia. Geldiketa ederra izan da.
Simeoneren taldeak ez du eroso jokatu, baina, hala ere, abaguneak sortu ditu. 9. minutuan, kale egin du Aurtenetxek atzean eta Diego Costak gutxigatik ez du Iraizoz gainditu. 16.ean, eta Costa beraren jokaldi bikainaren ostean, gogor jaurti du Filipe Luisek, baina baloia kanpora joan da.
Bielsaren gizonek hutsuneak topatzea zuten helburu, baina ez zen lan erraza. Atsedenaldira heltzeko minutu baten faltan, San Mameseko zaleak isilarazi ditu Emrek buruz egindako erremateak. Gorkaren erantzuna ona izan da eta arriskua urrundu du.
Bigarren zatian aurrenekoaren intentsitateari eutsi dio Athleticek, eta 50. minutuan etxekoen gola egin du Mikel San Josek. Atzelariak buruz errematatu du korner jaurtiketa bat, eta Athletic aurreratu du.
Golaren ostean, berotu egin dira jokalari madrildarrak eta 'Cebolla' Rodriguezek sarrera itsusia egin dio Ekizari. Epaileak hainbat txartel hori atera behar izan ditu giroa pixka bat baretzeko, eta Ekizak ezin izan du jarraitu.
66.ean, banakoaren gola saihestu du Gorka Iraizozek Raul Garciaren erremate arriskutsua aldaratuta, eta lau minutu geroago Athleticen bigarrena sartzeko abagunea izan du De Marcosek. Ia lekurik gabe, Atleticoko atezaina gainditzeko zorian izan da.
Partida zirraragarria zen, eta edozer gauza gerta zitekeen. Orduan, 77. ean, Athleticen bigarren gola sartu du Markel Susaetak Iturrasperen pasea baliatuta. Beste bat egiteko denbora ere egon da, eta De Marcosek norgehiagoka erabakita utzi du, 84.ean, taldearen kontraeraso on bati amaiera bikaina emanda.
Fitxa teknikoa:
3 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Ekiza (Gurpegui, 61'), Laporte, Aurtenetxe; San Jose, De Marcos, Herrera (Iturraspe, 80'): Susaeta, Aduriz eta Muniain (Ibai, 86').
0 - Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Cata Diaz, Godin, Filipe Luis; Tiago; Arda Turan (Mario Suarez, 80'), Raul Garcia, Emre (Adrian, 67'), Cristian Rodriguez (Koke, 70'); eta Diego Costa.
Golak:
1-0, 50': San Jose.
2-0, 77': Susaeta.
3-0, 84'; De Marcos.
Hurrengo zuzenekoak
16 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Lau t'erdiko Serie B Finala: Bakaikoa vs Larrazabal |
17 | 23:00 - 01:00 | BOXEOA | Espainiako Txapelketak |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa