Alaves
1-1
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aurrelari argentinarrak 93. minutuan lortu du berdinketaren gola, Getafe aurretik jarri baita 80. minutuan Amath Ndiayeren eskutik.
Jonathan Callerik sartu du Alavesen gola. Argazkia: EFE
Alavesek eta Getafek bana berdindu dute Mendizorrotzan, Amath Ndiaye senegaldarrak eta Jonathan Calleri argentinarrak sartutako golekin. Intentsitate handiz jokatutako partida izan da, eta Ibai Gomezek lehen zatian penalti bat hutsegin du.
Norgehiagoka azken 15 minutuetan erabaki da, talde biek aurretik jartzeko zenbait aukera izan ostean. Alabaina, Jose Bordalasek entrenatzen duen Getafek hartu du aurre markagailuan, 80. minutuan.
Partidaren ia azken jokaldian etxekoek berdindu egin dute harmailaren bultzadaren laguntzaz, eta, lortutako puntuari esker, Europako postuei eustea lortu dute, nahiz eta jarraian lortutako garaipenen bolada eten zaion.
Lehen zatian, madrildarrak izan dira aurkariaren areara gehien hurbildu direnak. Hala, 25. minutuan Angelek izan du aukera, nahiz eta apur bat baztertu zegoen. Baina jaurtiketa ahalegina egin du, eta Pachecok lan egin behar izan du baloia aldentzeko.
Ondoren, ia jarraian, Bordalesen mutilek lehen zatian izan duten abagunerik nabarmenena heldu da. Jaime Mata aurrelariak Ximo Navarro Alaveseko atzelariaren kontrol txar bat aprobetxatu du eta Pachecoren aurrera heldu da, baina bien arteko buruz burukoan gasteiztarren atezainak asmatu du.
Horixe izan da Alavesen unerik okerrena lehian zehar. Aitzitik, kanpotarrak erasoan zebiltzanean, etxekoek kontra-eraso bat antolatu dute, eta Mauro Arambari defentsak Calleri aurrelariari falta egin dio area barruan. Arbitroak penalti puntua adierazi du (40. min).
Haatik, Ibai Gomezek, taldeko golegilerik onena orain arte, ez du aukera baliatu bere taldeari abantaila emateko. David Soria atezainak igarri egin dio nora jaurti nahi zuen Santutxukoak, eta aukera ezerezean geratu da. Horrela iritsi dira atsedenaldira.
Bigarren zatian, Alaves beste gar batekin zelairatu da, eta Ibai Gomezek erdiratutako falta batean, Laguardiak langara errematatu du buruz 52. minutuan.
Partida hutsean amaitzeko bidean zegoenean, Jaime Mata aurrelariak baloi bat kontrolatu du area ertzean eta Amath Ndiayeri utzi dio. Senegaldarrak bortitz jaurti eta gola lortu du.
Bideoarbitrajeak jokaldia gainbegiratu du, Jaime Matak bere kontrolean eskua erabili ote duen argitzeko, baina, azkenerako ontzat eman dute gola, etxeko jokalarien etsipenaren aurrean.
Norgehiagokaren azken 10 minutuetan Abelardoren jokalariak gogotsu aritu dira berdinketa lortu nahian, eta hala iritsi da Calleriren gola buruz, Ximo Navarrok eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat bikain errematatuta.
Fitxa teknikoa:
Deportivo Alaves 1: Pacheco; Aguirregabiria, Laguardia, Ximo, Duarte; Jony, Brasanac, Wakaso (Manu García, 62. min), Ibai Gomez (Burgui, 80. min); Sobrino (Guidetti, 73. min) eta Calleri.
Getafe 1: David Soria; Damian Suarez, Bruno, Djene, Cabrera; Portillo, Arambarri (Markel Bergara, 77. min), Maksimovic, Amath (Foulquier, 84. min); Mata eta Angel (Jorge Molina, 70. min).
Golak: 0-1, 80. min: Amath. 1-1, 93. min: Calleri, buruz.
Epailea: Prieto Iglesias. Txartel horiak: Wakaso, Manu Garcia, Jony eta Brasanac (Alaves); Arambarri eta Maksimovic (Getafe).
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa