Alaves
2-1
Erredakzioa
Talde babazorroak 2-1 irabazi du Mendizorrotzan. Talde perikitoak hartu du aurrea Baptistaoren golari esker, baina Arabako taldeak emaitza irauli du Bastonen eta Sobrinoren golei esker.
Alaves-Espanyol (2-1). Argazkia: EFE
Alavesek denboraldiko lehen garaipena eskuratu du, Espanyoli 2-1 irabazita Mendizorrotzan. Ligako hirugarren jardunaldira arte itxaron behar izan du Arabako taldeak lehen partida irabazteko.
Bizi ekin dio neurketari Abelardok zuzentzen duen taldeak, eta 2. minutuan epaileak baliorik gabe utzi du Manu Garciaren gola. Alaveseko kapitainak eskuarekin egin du kontrola, baloia sare barrura bidali aurretik. Ondoren, Espanyol egin da partidaren jabe. Rubik zuzentzen duen taldeak lehen abisua eman du Baptistaoren bitartez 21. minutuan, sei minutu beranduago Alavesek erantzun du, gutxigatik kanpora joan den Jonyren jaurtiketarekin. Lehen zatia amaitzear zela, 41. minutuan, epaileak Espanyolen aldeko penaltia adierazi du, bideo-laguntzailea (VAR) kontsultatuta. Laguardiak penaltia egin dio David Lopezi. Baptistaok jaurti du penaltia, eta 0-1ekoa sartu du.
Bigarren zatiko bigarren minutuan, epaileak baliorik gabe utzi du Sergio Garciak Espanyolentzat sartu duen gola. Bideo-laguntzailea begiratu eta jokalari perikito bat jokoz kanpo egon dela ikusi du. Beranduago, 56. minutuan, Borja Bastonek berdindu du partida (1-1). Gola hartu eta jarraian, Espanyolek abagune argia izan du Baptistaoren eskutik, baina aurrelariak ez du asmatu. Neurketako 59. minutuan, ordea, Alavesen bigarren gola etorri da Sobrinoren bitartez (2-1); Jonyk kontraeraso bizia antolatu du, pasea eman du penalti puntura, eta Alaveseko aurrelariak ez du huts egin Diego Lopez atezainaren aurrean.
Emaitza alde izan duela, Arabako taldeak ez du gehiegi sufritu garaipenari eusteko. Espanyolek abagune ona izan du 74. minutuan, baina Fernando Pachecok gola eragotzi du, Didac Vilaren erremateari erantzun ona emanda. Abelardok zuzentzen duen taldeak defentsako lan ona egin du azken txanpan, eta hiru puntuak lortu ditu.
Fitxa teknikoa:
2 - Alaves: Pacheco; Agirregabiria, Laguardia, Maripan, Duarte; Jony (Adrian Marin, 80. min), Manu Garcia, Wakaso, Ibai Gomez (Ximo Navarro, 84. min); Sobrino eta Borja Baston (Guidetti, 63. min).
1 - Espanyol: Diego Lopez; Javi Lopez (Hernan Perez, 78. min), David Lopez, Mario Hermoso, Didac Vila; Darder, Marc Roca (Piatti, 82. min), Granero (Melendo, 66. min); Sergio Garcia, Baptistao eta Borja Iglesias.
Golak: 0-1: Leo Baptistao, penaltiz, 41. min. 1-1: Borja Baston, 56. min. 2-1: Sobrino, 58. min.
Epailea: Ignacio Iglesias Villanueva. Txartel horiak atera dizkie Alaveseko Wakaso (17. min), Manu Garcia (19. min), Laguardia (40. min), Pacheco (40. min) jokalariei; baita Espanyoleko Darder (44. min), Borja Iglesias (45. min), Leo Baptistao (92. min) jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa