Alaves
Mendizorrotzan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hiru golak bigarren zatian iritsi dira. Katalanak aurreratu dira bi aldiz geldikako jokaldietan (falta eta penalti baten bidez), eta etxekoek aldea txikitu besterik ezin izan dute egin.
Guidetti gola egiteko zorian egon da hasi eta berehala. Argazkia: EFE
Alavesek galdu egin du Mendizorrotzan 1-2 Gironaren aurka. Katalanen golak Aleix Garcia eta Christian Stuanik egin dituzte, biak ere geldikako jokaldien bitartez. Lehendabizikoa, falta baten ostean, zeinetan Pacheko atezaina ez den oso fin ibili; eta, bigarrena, penalti baten bidez.
Horrenbestez, Gironak nolabaiteko mendekua hartu du joanekoan gertatutakoaz; izan ere, orduko hartan, galdu egin zuen, nahiz eta bi goleko abantaila izan, baina norgehiagokaren azken txanpan Ibai Gomezek sartu zituen hiru golek gasteiztarrei eman zien garaipena, eta garai hartan zeramaten bolada txarrari buelta emateko abiapuntua izan zen.
Ostegun honetako norgehiagoka parekatua izan da, eta etxekoek zein kanpokoek lortu ahal izan dute garaipena, babazorroek ere euren aukera garbiak izan baitituzte markagailuan aurretik jartzeko.
Gainera, Abelardoren taldeari hiru gol baliogabetu dizkio epaileak, horietako bigarrena behintzat zalantzazkoa. Hain zuzen ere, 56. minutuan Gonzalez Fuentes epailearen laguntzaileak bertan behera utzi du Ruben Sobrinok, Ibai Gomezen erdiraketa bat aprobetxatuta, buruz sartu duen gola.
Ondoren, hurrengo jokaldian, Gironakoek aurre hartu dute markagailuan falta batean (58. min), Alavesen atezainaren duda-mudak aprobetxatuta. Geroago, Rodrigo Elyk egindako penalti baten bidez bigarrena erdietsi dute, 0-2koa jartzeko.
Dena dela, arabarrek ez dute amore eman, eta partida amaieraraino ahaleginetan jarraitu dute, baina luzapenera arte itxaron behar izan dute aldeak murriztu besterik ez dituen gola sareratzeko, Tomas Pinak egindakoa.
Norgehiagokaren azken txanpan, nahasi egin da giroa, talde bietako jokalarien artean liskarrak egon baitira.
Modu horretan, Alaves hurrengo jardunaldian, Las Palmasen aurka (igandean, 18:30ean), saiatuko da lortzen lehen mailari matematikoki eutsi ahal izatea ekarriko dioten puntuak. Gironak, berriz, 47 punturekin oso gertu ditu Europarako txartela ematen duten postuak.
Fitxa teknikoa:
Alaves 1: Pacheco; Martin, Laguardia, Ely, Duarte; Ibai Gomez, Pina, Dani Torres (Manu Garcia, 61. min), Burgui (Sobrino, 46. min); Munir eta Guidetti.
Girona 2: Bono; Maffeo, Alcala, Juanpe, Muniesa, Aday Benítez; Timor, Aleix Garcia (Pere Pons, 79. min); Lozano (Portu, 56. min), Borja Garcia eta Olunga (Stuani, 67. min).
Golak: 0-1, 58. min: Aleix Garcia, de falta. 0-2, 86. min: Stuani, penaltiz. 1-2, 90. min: Tomás Pina.
Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Ely, Wakaso, Guidetti eta Manu García (Alaves); Bono, Maffeo, Timor, Juanpe eta Alcala (Girona).
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa