Alaves
2-1
Erredakzioa
Arabako taldeak 2-1 irabazi du Mendizorrotzan. Pedrazak lehen gola sartu du neurketako 4. minutuan eta Munirrek egin du bigarrena, 16. minutuan. Aspasek murriztu ditu aldeak Celtarentzat, amaieran.
Pedraza, Celtari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Alavesek 2-1 irabazi dio Celtari Mendizorrotzan eta hiru puntu hauei esker, jaitsiera postuak 5 puntura uzten ditu. Abelardok zuzentzen duen taldeak partida ona egin du, eta neurketa erabakita utzi du lehen zatian.
Arabako taldeak bizi ekin dio partidari eta baloiaren jabe izan da lehen minutuetan. Gainera, sortu duen lehen abagunean, 4. minutuan, Pedrazak 1-0ekoa sartu du Munirrengandik baloia jaso ostean. Maldan behera jarri zaio norgehiagoka Alavesi eta ondorengo minutuetan abagune askorik sortu ez duen arren, Celta kontrolpean izan du. Horrela, neurketa honetan izan duen bigarren abagunean, Munirrek 2-0ekoa sartu du. Partidako 16. minutua, eta Alaves bi goleko abantailarekin jarri da. Celta saiatu da atsedenaldia baino lehenago aldeak murrizten, baina ez dizkio arazo asko sortu talde babazorroaren defentsari. Atsedenaldira iritsi orduko, Radojak izan du abagune argi bat, baina Pacheco atezainak desbideratu du baloia, galiziarren gola eragotziz.
Bigarren zatian Celta izan da baloiaren jabe. Galiziako taldeak agindu du berdegunean, baina ez du abagune askorik sortu. Alaves sendo egon da atzean eta erasoan ezer gutxi egin duen arren, ez du gehiegi sufritu. Celtak 65. minutuan izan du abagune argiena, baina Sistok kanpora bidali du ate aurrean bakarrik egon ostean. Neurketako 84. minutuan Aspasek izan du aldeak murrizteko aukera; hala ere, Pachecok eragotzi du gola, aurrelari galiziarrak orpoz egin duen errematea geldituta. Celta ekinean ibili da golaren bila eta 2-1ekoa sartu du Aspasek, 91. minutuan. Talde bisitariari ez dio gehiagorako denborarik eman, eta Alavesek lortu du garaipena.
Fitxa teknikoa:
2 - Alaves: Pacheco; Martin Aguirregabiria, Laguardia, Ely, Alexis; Ibai Gomez (Hernan Perez, min. 88), Pina, Manu Garcia, Pedraza; Sobrino (Bojan, min. 74) eta Munir (Dani Torres, min. 81).
1 - Celta: Ruben Blanco; Jonny, Sergi Gomez, Roncaglia, Mazan (Jozabed, min. 57); Wass, Lobotka, Radoja (Emre Mor, min. 74), Brais Mendez (Pione Sisto, min. 57); Iago Aspas eta Maxi Gomez.
Golak: 1-0, min.4: Pedraza. 2-0, min.18: Munir. 2-1, min.91: Aspas.
Epailea: Martinez Munuera.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:50 - 12:15 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:20 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa