Alaves
KOPAKO FINAL-ZORTZIRENAK
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Talde gasteiztarrak nagusitasunez lortu du Kopako final-laurdenetarako txartela, 5-1 nagusitu baita kanporaketako emaitza orokorrean.
Victor Laguardiak minutuak izan ditu aspaldiko partez. Argazkia: EFE
Alaves estutasunik gabe gailendu zaio Formenterari (2-0) Ermedin Demirovic eta Alfonso Pedraza babazorroen golekin, eta Errege Kopako final-laurdenetara sailkatu da, kanporaketako emaitza orokorra 5-1 izanik.
Talde balearra ondo kokatuta zelairatu da, eta aurreko kanporaketan Athletic atzean zergatik utzi zuen erakutsi du. Horrenbestez, gasteiztarrek gogor egin behar izan dute lan partida irabazteko.
Abelardo Fernandezen mutilen artean, Victor Lopez eta Ermedin Demirovic bosniarra nabarmendu dira, baita Ruben Sobrino ere, baina ez da oso eraginkor azaldu, eginahalak egin dituen arren.
Alaves hasieratik saiatu da partidako aginte-makila bereganatzen, baina behin eta berriro egin du topo Formenteraren lan taktiko onaren aurka, eta horrek aurrera jotzea galarazi die babazorroei. Horrenbestez, norgehiagoka golik gabe heldu da atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan, Alavesek lehiaren zama bere gain hartzen jarraitu du, eta, horrela, 55. minutuan, Ermedin Demirovicek ez du barkatu kanpotarren atezainaren aurrean geratu denean. Bosniarrak bikain aprobetxatu du Sobrinok emandako pasea, eta baloia Chechuren ate barrura bidali du, eskuineko hankarekin gozo ukituta.
Formenterak lerroak aurreratu ditu eta berdinketa lortzen saiatu da, areaz kanpotik egindako jaurtiketen bidez, baina balearrek ez dute euren helburua lortu.
Aitzitik, Alfonso Pedrazak kanporaketari behin betiko amaiera jarri dio, neurketako bigarren gola eginez, ezker hegaletik egindako barneraketa bati amaiera ezin hobea emanda.
Neurketako beste protagonista nagusietako bat Victor Laguardia etxekoen atzelaria izan da, Abelardok hasierako hamaikakoan jarri baitu, zelaietatik kanpo ia bederatzi hilabete eman ostean, lesio larri bat dela medio.
Fitxa teknikoa:
Alaves, 2: Sivera; Alexis, Ely, Laguardia, Diéguez; Torres, Medrán; Víctor López, Sobrino, Wakaso; eta Demirovic (Pedraza, 77. min).
Formentera, 0: Chechu; Diego, Rosa, Kiko, Bonilla, Agus (Samu, 75. min); Álvaro Muñiz (Adrián Riera, 54. min), Gabri (Puertas, 67. min), Nando; Souza eta Juan Antonio.
Golak: 1-0, 55. min: Demirovic. 2-0, 91. min: Pedraza.
Epailea: Iglesias Villanueva. Ez du txartelik atera.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa