Alaves
3-0
Erredakzioa
Arabako taldeak 3-0 galdu du Santiago Bernabeun. Joko ona egin arren, Zidanek zuzentzen duen taldearen eraginkortasuna erabakigarria izan da. Benzema, Isco eta Nacho izan dira golegileak.
Benzema Alavesi sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE
Alavesek 3-0 galdu du Real Madrilen aurka igande honetan Santiago Bernabeu zelaian. Porrot honekin, Arabako taldea Europako postuetatik urrundu da, eta LaLigako sailkapenaren erdialdean dago 40 punturekin.
Partida erasokor hasi du Real Madrilek Cristiano Ronaldoren jaurtiketa batekin, baina Alaves ez da kokildu eta lehen abisua eman du 10. minutuan Zidanek zuzentzen duen taldeko defentsa-lerroari lan egin arazita. Ondoren, etxeko taldea egin da baloiaren jabe, baina Alavesek ez du gehiegi sufritu. Benzemak area kanpotik egin duen jaurtiketa gora joan da; 24. minutuan Iscok jokaldi ikusgarria egin eta gora bidali du errematea; 26. minutuan, aldiz, Cristiano Ronaldo maisuki atzean utzi du Toquero, area barruan sartu eta bere jaurtiketa ondo geratu du Pacheco atezainak. Real Madril ekinean ibili da, eta 31. minutuan lortu du lehen gola sartzea. Carvajalek hegaletik barnekaldia egin, atzera pasea eman eta Karim Benzemak 1-0ekoa sartu du baloia sare barrura bultzatuta. Atsedenaldira iritsi baino lehen Danilok erdiraketa egin du, eta Gareth Baleren errematea kanpora joan da gutxigatik.
Bigarren zatian Alaves jaun eta jabe izan da. Real Madril ezinean ibili da, eta Pellegrinok zuzentzen duen taldeak berdinketaren gola lortzeko abagune pila bat izan ditu. Lehen minutuetan Deyversonek ez du asmatu errematea sare barrura bidaltzen Casilla atezainaren huts baten ostean eta 60. minutuan Edgarren boleakada oso gutxigatik kanpora joan da. Alaves baloiaren jabe izan da eta Real Madril menpean izan du. Norgehiagokako 66. minutuan Deyversonek, buruz, kanpora bidali du baloia. Real Madrilen erantzuna hurrengo minutuan etorri da, baina Cristiano Ronaldok ez du asmatu Pacheco atezainaren ate aurrean. Abagune ona izan du Alavesek 70. minutuan, baina bere burukada oso gutxigatik ez da sare barrura joan. Hamabi minutu beranduago Baleren erremateak sarea jo du, baina kanpoaldetik. Norgehiagokako 85. minutuan, ordea, etxeko taldeak partida erabakita utzi du Iscok sartu duen 2-0ekoarekin. Ia jarraian, 88. minutuan, Baleren falta jaurtiketak langa jo eta aldaratzean Nachok 3-0ekoa sartu du Pacheco atezaina gaindituta. Neurketa erabakita geratu da azken bi gol horiekin. Hala ere, Alavesek markagailua txukuntzeko aukera izan du azken minutuan; Rodrigo Elyren errematea, ordea, gutxigatik kanpora joan da.
Fitxa teknikoa:
3 - Real Madril: Casilla; Danilo, Varane (Carvajal, m.10), Pepe, Nacho; Kroos, Modric (Kovacic, m.68), Isco; Bale, Cristiano Ronaldo eta Benzema (Lucas Vazquez, m.81).
0 - Alaves: Pacheco; Ely, Laguardia, Feddal, Theo; Manu García, Camarasa (Santos, m.83), Edgar (Katai, m.75), Toquero, Ibai (Romero, m.69) eta Deyverson.
Golak: 1-0, m.31: Benzema. 2-0, m.85: Isco. 3-0, m.88: Nacho.
Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa