Alaves
1-1
Erredakzioa
Andaluziako taldeak aurrea hartu du markagailuan Ben Yedderren golari esker (0-1), eta bigarren zatian sartu du Kataik berdinketaren gola (1-1).
Deyverson eta Pareja. Argazkia: EFE
Alavesek bana (1-1) berdindu du Sevillaren aurka Mendizorrotzan, baina Arabako taldeak aurkariak baino hobeto jokatu du, eta puntu bat baino sari handiagoa merezi izan du.
Partidako lehen abagunea etxeko taldeak izan du bigarren minutuan, baina Manu Garciaren jaurtiketa Mercado atzelari sevillarrak desbideratu du, gola eragotziz. Hiru minutu geroago, Sevillaren erantzuna etorri da, Vitolok kanpora bidali duen jaurtiketa baten bitartez. Abagune gutxi izan dira lehen zatian. Neurketako 14. minutuan, Deyversonek langa gainetik bidali du buruz egin duen errematea, eta Sevillak lehen zatian sortu duen lehen abagune argian, 23. minutuan, Ben Yedderrek sare barrura bidali du baloia (0-1). Alavesek kale egin du atzean, eta Sampaolik zuzentzen duen taldeko aurrelariak ez du barkatu. Gola hartzeak min egin dio Alavesi, eta Pellegrinok zuzentzen duen taldeak ez du berdinketa lortzeko abagunerik sortu. Atsedenaldira iritsi aurretik, Sevillak bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina Iborrak ez du asmatu Pacheco atezainaren aurrean.
Bigarren zatia bizi hasi da, eta lehen abagunea Sevillak izan du; Ben Yedderrek, ordea, ez du asmatu Pachecoren aurrean. Ondoren, Alavesek erasora jo du, eta hiru abagune argi izan ditu: 54. minutuan, Toquero bakarrik geratu da Sergio Rico atezainaren aurrean, baina errematea langa gainetik bidali du; hurrengo jokaldian, Camarasaren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora, eta 64. minutuan, Nico Parejak eragotzi du Alavesen gola, Manu Garciaren errematea atepetik aterata. Bigarren zatian, partidaren bila abiatu da Alaves, eta Arabako taldearen ekinak saria jaso du 75. minutuan; Romerok erdiraketa egin du hegaletik, eta Kataik banakoa (1-1) egin du defentsaren eta Sergio Rico atezainaren hutsaz baliatuta. Etxeko taldeak gola sartu eta bi minutura, Sevillak abagune ezin hobea izan du, baina Iborrak gora bidali du errematea. Pellegrinok zuzentzen duen taldeak bigarren zati bikaina jokatu du, eta bigarren gola sartzeko abaguneak sortu ditu. Norgehiagokako 83. minutuan, Sergio Ricok erantzun paregabea eman dio Katairen falta jaurtiketari, eta aldaratzea langara bidali du Deyversonek, txilenaz. Aurrelari brasildarrak beste abagune bat izan du 85. minutuan, baina defensa bati izkin egin ostean egin duen errematea Sergio Rico atezainak gelditu du. Etxeko taldea nagusi izan da berdegunean, eta Sevilla estuasunetan jarri du. Hala ere, 91. minutuan, Jovetic bigarren gola sartzetik gertu egon da, baina bere jaurtiketa kanpora joan da, gutxigatik. Amaieran, bi taldeek puntu bana lortu dute.
Fitxa teknikoa:
1 - Alaves: Pacheco; Kiko Femenia, Laguardia, Feddal, Theo; Marcos Llorente, Manu Garcia; Camarasa (Krsticic, 89. min), Ibai (Katai, 64. min), Toquero (Romero, 64. min); eta Deyverson.
1 - Sevilla: Sergio Rico; Mercado (Correa, 82. min), Nico Pareja, Lenglet, Escudero; N'Zonzi, Kranevitter, Iborra; Vitolo (Mariano, 73. min), Sanabria eta Ben Yedder (Jovetic, 85. min).
Golak: 0-1, 23. min: Ben Yedder. 1-1, 74. min: Katai.
Epailea: Daniel Jesús Trujillo Suárez.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa