Beste kirolak
PARALINPIAR JOKOAK
EITB MEDIA
Euskal ordezkariek honako kirol hauetan parte hartu dute ostegun honetan: gurpildun saskibaloia, igeriketa, mahai-tenisa eta arku-tiroa.
Guillaume Toucoullet. Argazkia: EFE
ARKU-TIROA
Guillaume Toucoullet tiratzailea arku-tiroko final-hamaseirenetarako sailkatu da sailkapen nagusiko lider gisa. 652 punturekin, Baionako kirolariak markarik onena lortu du eta marka paralinpiko berria ezarri, Gholamreza Rahimi indiarraren marka gaindituta.
Horrela, datorren asteazkenean, irailak 4, lehiatzen jarraituko du.
GURPILDUN SASKIBALOIA
Agurtzane Egiluzek, Laura Ugartek, Naiara Rodriguezek eta Bea Zudairek jokatzen duten gurpil-aulkiko saskibaloiko Espainiako emakumezkoen selekzioak 34-69 galdu du ostegun honetan Britainia Handiaren aurka. Partida Bercyn jokatu da, 2024ko Parisko Paralinpiar Jokoen atariko faseko A multzoko partidan.
Britainiarrak hasieratik izan dira nagusi, defentsa sendoarekin eta jaurtiketetan eraginkortasunez. Espainia, aldiz, erasoko erritmoa aurkitzeko borrokatu da, jaurtiketa saiakeretan hainbat galera eta huts eginda.
#Paris2024 Gurpildun aulkiko saskibaloian Agurtzane Egiluz, Laura Ugarte eta Naiara Rodriguezen taldeak ezin izan du Britaina Handia menderatu eta 69-34 galdu du. Dena den, azkar altxatu behar da berriz bihar hurrengo neurketa duelako Txinaren kontra. pic.twitter.com/MtcZjvDgS0
— BAT Basque Team (@BATbasqueteam) August 29, 2024
Asier Garcia bilbotarrak ere ezin izan du garaipena lortu Espainiako selekzioarekin, AEBren aurka 66-56 galduta. Amerikako selekzioa nagusi izan da laurden guztietan, nahiz eta Espainia atzetik izan duen markagailuan, gutxieneko aldearekin.
Ostiral honetan, abuztuaren 30ean, Espainiak Australia izango du aurkari.
#Paris2024 Gurpildun aulkiko saskibaloian Asier Garciaren taldeak aurre egin die Estatu Batuei eta neurketaren fase batzuetan oso gertu eduki dituzte, bi puntura ere jarri direlarik. Azken laurdenean, ordea, amerikarrek alde egin dute berriro, behin betiko 66-56ko emaitza… pic.twitter.com/0TjQjqFKxo
— BAT Basque Team (@BATbasqueteam) August 29, 2024
IGERIKETA
Mikel Erdozain bizkaitarra 100 metro bizkarreko probatik at geratu da. Lehen txandan atera da eta berak behar izan du denbora gehien proba amaitzeko, 3:10.73ko markarekin.
Beraz, hamargarren geratu da, finalera pasatuko ziren zortzi kirolarien artean sartu ezinda, eta agur esan dio Jokoetako parte-hartzeari.
#Paris2024 Mikel Erdozain igerilari gazteak debuta egin du Paralinpiar Jokoetan S2 klaseko bizkar erako 100 metrokoan. 10. bukatu du sailkapen proba eta pozik geratu da bere markarekin: 3:10.73. pic.twitter.com/tHiXtMApHk
— BAT Basque Team (@BATbasqueteam) August 29, 2024
MAHAI-TENISA
Ander Cepas donostiarrak porrot egin du mahai-teniseko final-hamaseirenetan, Jorge Cardona taldekidearekin batera. Lehen jokoa eskuratu arren (11-9), Luis Filipe Manara eta Claudio Massad brasildarrek partida irauli dute, eta hurrengo jokoetan 9-11, 9-11 eta 6-11 gailendu dira, azken emaitza 1-3koa izanik, Brasilen alde.
Hala ere, Cepasek datorren asteartetik aurrera, irailaren 3tik aurrera, banakako modalitatean lehiatzen jarraituko du.
#Paris2024 Ander Cepasek bere debuta egin du Joko Paralinpikoetan baina ez espero bezala. Donostiarra binakako lehiatik kanpo geratu da final hamaseirenetan Manara eta Massad brasildarren kontra 3-1 galdu ondoren. Banakako lehia geratzen zaio oraindik aurretik. Animo, Ander! pic.twitter.com/tygwGeKLEe
— BAT Basque Team (@BATbasqueteam) August 29, 2024
Bestalde, Iker Sastre bilbotarrak ere galdu egin du binakako modalitatean, Miguel Angel Toledorekin batera. Peter Lovas eta Jan Riapos eslovakiarren aurkako lehia estuan, lehen jokoa galtzen hasi dira (3-11), baina partida bideratzea lortu dute hurrengoak 12-10 eta 11-7 irabaziz. Hala ere, aurkariek berdinketa lortu dute laugarren jokoan (12-14) eta beste joko bat behar izan da hura hausteko. Eslovakiarrak hobeak izan dira eta jokoa eta partida irabazi dituzte.
Sastrek banakako modalitatean jokatzen jarraituko du ostiral honetan, abuztuaren 30ean.
#Paris2024 Iker Sastrek bere lehen partida jokatu du Parisko Joko hauetan, baina ezin izan du emaitza ona lortu, 4 klaseko binakako txapelketako final-laurdenetan galdu baitu. Miguel Angel Toledorekin batera, ederki borrokatu da, baina 3-2 galdu dute bikote eslovakiarraren aurka.… pic.twitter.com/pAOYUX0QSU
— BAT Basque Team (@BATbasqueteam) August 29, 2024
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa