Beste kirolak
Liga
EITB Media
Donostiarrek sei penalti huts egin dituzte, eta gol bateko abantailarekin nagusitu dira. Hortaz, kanporaketa Malagan erabakiko da, datorren maiatzaren 19an.
Super Amara Bera Bera eta Malagaren arteko partida. Argazkia: @BalonmaBeraBera
Super Amara Bera Berak 22-21 irabazi dio Costa del Sol Malagari, ligako titulua eskuratzeko finalaurrekoaren joaneko partidan. Gasca pabiloia jendez bete da larunbat honetan, etxeko taldea animatzeko, eta giro bikaina izan da.
Donostiarrek penalti jaurtiketa asko huts egin dituzte, eta, ondorioz, gol bakarreko abantailarekin jokatuko dute itzuliko partida Malagan, datorren maiatzaren 19an.
Partida oso lehiatua eta parekatua izango zela aurreikusten zen, eta hala izan da. Super Amara Bera Berak blokean defendatu du, eta kontraerasoan min egiten saiatu da. Malaga, berriz, jokaldi luzeen bidez ahalegindu da golak sartzen.
Lehendabiziko laurdenean, emaitza estua izan da, baina ordutik aurrera, Imanol Alvarezen taldea hobeto ibili da erasoan nahiz defentsan, eta lau goleko abantaila hartzera iritsi dira. Atsedenaldira, 14-11ko emaitzarekin joan dira.
Aldagelatik bueltan, partida aldatu egin da. Malaga hobeto atera da, eta ondo baliatu ditu Berak Berak erasoko jokoan egindako akatsak. Suso Gallardoren taldeak partida bukatzeko bi minuturen faltan lortu du berdinketa (21-21), baina donostiarrek hurrengo jokaldian sartu dute, penaltiz, partida irabazteko gola.
Bi taldeek maila handia eman dute, eta ikusleek partida ederra ikusteko aukera izan dute. Alabaina, Bera Berak sei penalti huts egin ditu eta, azkenean, gol bakarreko abantailarekin konformatu behar izan da. Hortaz, kanporaketa Malagan erabakiko da, datorren maiatzaren 19an.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 22:00 - 23:15 | PILOTA | ETB KANTXA SOLASEAN: Lau t'erdiko finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa