11:58

Beste kirolak

GOLFA

PGA Tourraren eta Jon Rahmek jokatuko duen LIV Golf txapelketaren arteko alde nagusienak

EITB MEDIA

Barrikako golf jokalariak asteburu honetan ekingo dio LIV Golf zirkuituko ibilbideari, PGA Tourra atzean uztea erabaki ostean.

  • Jon Rahmen artxiboko irudia

    Jon Rahmen artxiboko irudia. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jon Rahm euskal golf jokalariak asteburu honetan hasiko du Arabiako LIV Golf zirkuitua. Urtean hamabi torneo antolatzen ditu zenbait herrialdetan Arabiako Inbertsio Funtsak bultzatutako ekimen horrek. Hori dela eta, Rahmek ezin izango du PGA Tourrean parte hartu, lau salbuespen hauetan izan ezik: Masters, PGA Championship, Open Championship eta US Open txapelketetan.

PGA eta LIV Tourraren arteko desberdintasun nagusiak

-Hiru lehia egun: Rahmek egun bat gutxiagoko torneoak jokatuko ditu. PGA Tourreko txapelketek lau egun dituzte, ostegunetik igandera; orain, ordea, hiru izango dira, ostiraletik igandera.

-54 zulo: Hiru egun izanik, jokalariek ez dituzte lau itzuli emango; hiru, baizik. PGA Tourrean 72 zuloko ibilbideak dira; LIV Golfen, ordea, 54. Beraz, aldeak PGAn baino gehiago estutu daitezke. Hori da, hain zuzen ere, Arabiako ligari izena ematen dion datua, 54 zenbaki erromatarretan idatzita 'LIV' baita.

-Ez dago galbaherik ostiraletan: LIV Golf zirkuituak ez du galbaherik egiten. PGAn, ostiraleko jardunaldia amaitzean, lehen 65 golflari sailkatuak larunbateko eta igandeko lehiara egiten dute aurrera; gainerakoak, aldiz, torneotik kapo geratzen dira. LIV ligan, ostera, parte hartzaile oro iristen da asteburura, sailkapena edozein dela ere.

-Banaka eta taldeka jokatzen da: Banakako lehiaz gain, LIV Golf zirkuituak taldekakoa ere antolatzen du, ikuskizuna areagotzeko. Lau jokalariz osatutako 13 talde daude, norbere logotipo, izen eta kolorearekin bereizita. Lehen bi txandetean, multzo bakoitzeko bi puntuazio onenak sailkapen orokor bati gehitzen zaizkio. Ondoren, hirugarren jardunaldian, talde bakoitzeko hirugarren jokalari onenaren puntuak ere kontuan hartuko dituzte. Denboraldi amaieran, Teams Championship txapelketa egiten dute, taldeka.

-Ez dago janzkera koderik: PGAk Ameriketako Estatu Batuetan egiten dituen ekitaldietan, jokalariek galtza luzeak eraman behar dituzte, baina LIVak ez dituenez ezertara derrigortzen, nahi duten moduan jantzita joan daitezke.

-Jardunaldi laburragoak, denak batera hasten direlako. Shotgun vs tee time: Amerikako zirkuituan, jardunaldiak luzeak izaten dira, hirukote bakoitzak lehendabiziko  zuloko tee gunetik, hots, irteera puntutik abiatzeko ordu jakin bat duelako, aurreko taldea baino bost edo hamar minutu geroago. LIV ligan, berriz, shotgun izeneko guneak daude: zulo bakoitzean, 1etik 18ra, jokalari bat zain egongo da, irteera emango dion klaxon soinuak noiz joko. Orduan hasiko dira 18 jokalari; minutu bat geroago, beste 18ak, eta gero, azken 18ak. Hori dela eta, lauzpabost orduko jardunaldiak izan ohi dira.

-Sari handiagoak: Torneo bakoitzak 25 milioi dolarreko poltsa du (20 milioi banakako lehiarako, eta bost taldeentzat). LIV Tourreko txapelketa bateko garaileak 4 milioi dolar eskuratuko ditu. Talde irabazlearen kasuan, kide bakoitzak 750.000 dolar eramango ditu etxera. Halaber, denboraldia ixten duten torneoek poltsa berezia dute.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    28 09:00 - 12:00 MENDI LASTERKETAK | Aloñako igoera
    09 11:25 - 12:00 ''HELMUGA'' saioa
    28 12:00 - 14:00 FUTBOLA | F Liga: Eibar vs Athletic
    28 14:00 - 16:30 TXIRRINDULARITZA | Romandiako Tourra (5. etapa)
    28 17:30 - 20:00 PILOTA | Buruz Buruko Txapelketa: Zabaleta vs Altuna III

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena