Beste kirolak
Boxeoa | Erretiroa
EITB MEDIA
Hemendik aurrera, promotore ibiliko da. Morgako boxeolaria (31 urte) welter pisuko nazioarteko txapelduna WBAn eta welter eta superwelter pisuetan EBUko txapelduna izan da bere ibilbidean. Asteazken honetan adierazi du erretiroa hartuko duela, profesional gisa.
Kerman Lejarraga, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Kerman Lejarraga boxeolariak boxeatzeari utziko dio, asteazkenean egindako iragarpenaren arabera; hemendik aurrera, promotore ibiliko da. Morgakoak hilaren 29an zuen borroka, Madrilen, WiZink Centerren, Przemyslaw Runowski poloniarraren aurka, baina, asteartean jakinarazi diotenez, Runowski, managerrarekin izandako arazo bat tarteko, ez da borrokan izango; Lejarragaren asmoa zen borroka hori baliatzea bere kirol ibilbideari amaiera emateko, baina orain erretiratzea erabaki du. Nolanahi ere, boxeoan jarraituko du; izan ere, promotore lanetan ibiliko da aurrerantzean.
Kerman Lejarragak sare sozialen bidez eman du bere erabakiaren berri, ohar bat kaleratuta. Esan duenez, asteartean jakinarazi zioten hilaren 29an WiZink Centerren izan behar zuen aurkariak, Przemyslaw Runowskik, ez zuela izango, azkenean, borrokan parte hartzerik. Borroka prestatzen emandako tartean, Lejarragak "arazo fisiko ugari" izan ditu, "eta hausnarketa sakon bat egitea egokitu zait. Nire gertukoek ez lehiatzeko esan arren, ahalegin guztiak egin ditut 29an taula gainean agur esateko. Ondo irakurri duzue, bai, azkenengo borroka izango zen, emaitza edozein izanda ere. Beti pentsatu izan dut: nire ehuneko ehuna emateko gai izango ez banintz, boxeoa utziko nuen", zehaztu du.
"Zintzotasun osoz" hartu du erabakia, "gehienbat zuengatik, nire alboan egon zaretelako beti, momentu onenetan eta txarrenetan", esan die zaleei. "Hori dela eta, atzoko (astearteko) gertakariak ikusita, nire agurra azkartu egin dela esan beharrean nago", azaldu du.
"Banekien momentu hau iritsiko zela, nahiz eta atzeratzen saiatu; gaurko eguna heldu da. Ez dut edonolako aurkari bat bilatuko, zaletuek ez duzue merezi. Gauzak horrela, hemen amaitzen da bidaia polit hau; zuen eskutik, nire bizitzaren pasadizo zoriontsuenak izan dira", adierazi du bizkaitarrak.
"Boxeoa nire bizitza da, ez noa, baina kirol honen beste aldera pasako naiz. Gaurtik aurrera, buru belarri egongo naiz promotore lanetan, atzetik datozen boxealariei etorkizun oparo bat emateko. Aitortuko dizuet burumakur nagoela egoera zail honen aurrean, baina egitasmo ugari ditut buru barnean, eta ilusio handiz ekingo diot nire bizitzaren atal berri honi", gaineratu du.
Horrenbestez, "hurrengo larunbatean, apirilak 29, proiektu berri honekin hasiko gara, eta zuen laguntza eta babesa jasotzea gustatuko litzaidake, aspaldi ikusten ez zen boxeo ekitaldirik handienean". "Hausnarketa egun batzuk behar ditut, erabaki honek hala eskatzen baitio neure buruari. Ahal dudanean, eman beharreko adierazpenak egingo ditut, eskatzen dizkidan orori", azaldu ondoren, eskerrak eman dizkie zaleei: "Mila esker eman didazuen babes guztiagatik, zuek gabe ez litzateke posible izango heldu naizen lekura iristea, zuek izan zaretelako nire kirol bizitzaren erroa".
Morgako boxeolaria, besteak beste, welter pisuko nazioarteko txapelduna WBAn eta welter eta superwelter pisuetan EBUko txapelduna izan da bere ibilbidean. Welter pisuko WBA titulua 2016ko martxoaren 19an irabazi zuen, Bilbon, Laszlo Tothren aurka; 2018ko apirilaren 28an, Bradley Skeete boxeolari britaniarraren kontra, welter pisuko Europako titulua eskuratu zuen, eta urte horretako azaroaren 17an, tituluari eutsi zion, Frankie Gavin menderatuta; superwelter pisuko Europako titulua 2021eko irailaren 11n bereganatu zuen, Dylan Charrat frantziarra mendean hartuta.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa