Beste kirolak
GOLFA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Barrikakoak denboraldiko hirugarren garaipenaren bila ari da, eta horrez gain, munduko sailkapeneko lehen postua berreskuratu nahi du.
Jon Rahm. Foto: EFE
Jon Rahm euskal golflariak bikain jardun zuen larunbatean, Pacific Palisades zelaian jokatzen ari den (Kalifornia, AEB) Genesis Invitational txapelketan. Hala, parraz azpitik 6 kolpeko ibilbidea bete eta torneoko lidergoa eskuratu zuen, bigarren sailkatuarekiko hiru kolpeko abantaila aterata.
6 birdie erdietsi zituen eta ez zuen bogeyrik egin; hartara, Rahm -15eko emaitzara iritsi zen, eta horrek lehen bi jardunaldietan lider egondako Max Homa estatubatuarra gainditzea ahalbidetu zion. Homa bigarren da une honetan (-12).
Denny McCarthy estatubatuarrak baino ez zuen lortu (-7) Rahmek baino emaitza hobea larunbatean.
Barrikakoak bere hirugarren garaipena lortu nahi du urte hasiera bikain honetan (Sentry Tournament of Champions eta The American Express irabazi ditu dagoeneko), eta, lortuz gero, munduko sailkapeneko lehen postua berreskuratzeko aukera ere izan dezake.
Munduko sailkapen horretan Rahmek bi golf jokalari ditu aurretik: lehen postuan, Scottie Scheffler estatubatuarra dago une honetan (-5 pilatuta); bigarrenean, Rory McIlroy iparrirlandarra (-4 guztira).
Azkenik, Tiger Woodsek parraz azpitik -3ko emaitza pilatu du orain arte. Tiger bere lehen txapelketa jokatzen ari da joan den uztaileko Erresuma Batuko Openetik, aurreko sasoian egutegi osoan hiru hitzordu bakarrik jokatu ondoren: Augustako Mastersa, PGA Txapelketa eta aipatutako Opena.
Woodsek mina du oraindik orkatilan, 2021ean izandako errepide istripu larri baten ondorioz.
Hurrengo zuzenekoak
23 | 21:45 - 23:59 | ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa