11:08

Beste kirolak

V. Euskal Pentatloia

Nerea Arruti eta Andoni Iruretagoiena, Euskal Pentatloiko txapeldunak

A. B. E. | EITB Media

Arrutik jantzi du txapela emakumezkoen mailan eta Iruretagoienak gizonezkoenean. Kirolari guztien artean ikuskizun bikaina eskaini dute.

1:24
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nerea Arruti eta Andoni Iruretagoiena dira V. Euskal Pentatloiko txapeldunak. Larunbatean, irailaren 24an, jokatu zen finala Azpeitiako zezen plazan eta kirolariek ikuskizun bikaina eskaini zuten.

Emakumezkoen mailan Nerea Arruti izan zen nagusi. Karmele Gisasola 'Zelai III.a' izan zen bigarren eta Lucia Orbe hirugarren. Orbe izan zen onena harria jasotzen eta ia parean amaitu zuen Zelai III.ak. Arrutik pixka bat denbora gehiago behar izan zuen 15 jasoaldiak egiteko. Bigarren proban, 250 kiloko harria lurretik eramaten, Zelai III.a buruan jarri zen eta lehena izan zen aizkolaritzako probari ekiten, Orberi 14 segundo eta Arrutiri 22 segundo aterata. Enborretara igotzen azkena izan zen arren, Nerea Arruti izan zen onena aizkorarekin eta probaren buruan jarri zen; minutu bat eta 19 segundo atera zizkion Zelai III.ari eta 2 minutu eta 31 segundo Orberi.

Txingei abantaila handiarekin ekin zion Arrutik txingen probari eta Zelai III.ak ezin izan zituen aldeak murriztu. Bien artean zegoen Pentatloia irabazteko lehia. Korrikako probarekin amaitu zen Euskal Pentatloia. Nerea Arrutik abantaila handitu zuen korrika, lehena izan zen zirkuitua amaitzen eta txapela jantzi zuen, 21 minutu eta 9 segundoko markarekin. Karmele Gisasola 'Zelai III.a' izan zen bigarren irabazlearekiko 2 minutu eta 13 segundora, eta Lucia Orbe hirugarren 4 minutu eta 9 segundora.

Gizonezkoen mailan, hirunakako bi txandatan banatu ziren finalistak. Lehen txandan Ioritz Gisasola 'Zelai IV.a', Aritz Irabazabal eta Joseba Otaegi kirolariak ibili ziren nor baino nor. Zelai IV.a izan zen lehen txandako onena 35 minutu eta 55 segundoko denborarekin; Otaegi izan zen bigarren 1'58"ra eta Irazabal hirugarren 4'11"ra.

Gizonen bigarren txandan lehiatu ziren Xavier Zaldua, Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.a' eta Julen Gabirondo. Harria jasotzeko lanak, 25 altxaldiak, Izeta VI.ak amatu zituen lehenengo Zalduari 17 segundo sartuta eta Gabirondori 51 segundo aterata. Izeta VI.ak segundo bakarrean hobetu zuen Zelai IV.ak harria jasotzen egin zuen marka. Harria lurretik arrastaka eramateko proban Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.a'k ez zuen probaren burua galdu eta Zalduarekiko abantaila handitu egin zuen 44 segundora. Gabirondok Izeta VI.arenarekiko 1'21"era amaitu zuen. Aizkoran aurkariekiko errenta areagotu zuen Izeta VI.ak, eta Gabirondok aurrea hartu zion Zalduari. Gabirondok Izetarekiko 54 segundoko atzerapenarekin ekin zion txingen probari; Zalduak, aldiz, 1'18" galdu zuen liderrarekiko. Izeta VI.ak Gabirondorekiko 1'19"ko errentarekin ekin zion korrikako probari, eta Zaldua Gabirondo baino 22 segundo beranduago hasi zen lasterka. Erritmo bizia jarri zuen Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.ak' korrikan eta garaipenak ez zion ihes egin; txapela jantzi zuen 31 minutu eta 36 segundoko markarekin. Julen Gabirondo izan zen bigarren 1'07"ra eta Xavier Zaldua hirugarren 1'22"ra. Laugarren amaitu zuen Zelai IV.ak irabazlearekiko 4'19"ra, Joseba Otaegik bosgarren 6'17"ra eta Aritz Irazabalek seigarren 8'30"era.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    13 22:15 - 23:15 ''Harri Herri'' saioren denboraldi berria

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena