Arrauna zuzenean 2022: Eusko Label Liga, Euskotren Liga eta Kontxako Bandera | EITB Arrauna
Arrauna
Aurtengo azken estropadak
EITB MEDIA
Historian laugarrenez lortuko luke Liga eta Kontxako Bandera denboraldi berean eskuratzea. Eusko Label Ligan, bi estropada gelditzen dira, bata Bermeon eta bestea Portugaleten, eta Urdaibaik bederatzi puntuko aldea du. Halaber, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako play-offak jokatuko dituzte.
Urdaibai, igandean, Kontxako Banderako bigarren jardunaldian. Argazkia: EFE.
Urdaibaik bere historian bederatzigarren aldiz irabaz lezake asteburu honetan, hilaren 16an eta 17an, Eusko Label Liga; gainera, historian laugarrenez lortuko luke Bermeoko klubak Liga eta Kontxako Bandera denboraldi berean eskuratzea, aurreko igandean Donostian garaipena erdietsita. Hain zuzen ere, bi estropada gelditzen dira Eusko Label Ligan, bata Bermeon eta bestea Portugaleten, eta Urdaibaik bederatzi puntuko aldea du. Halaber, Eusko Label Ligako eta Euskotren Ligako play-offak jokatuko dituzte, eta erabat argituta utziko dute, hortaz, zein taldek parte hartuko duten 2024an bi txapelketa horietan.
Urdaibaik gaur bertan arratsaldean lor lezake, matematikoki, titulua, etxean gainera, Bermeon bertan; Gorka Aranberri patroi duen ontziak, denboraldian izandako erregulartasuna eutsiz gero, txapelketako azken estropada jokatu aurretik ere irabaz lezake Liga. Bou Bizkaia sasoi betean dabil, baina ikusi behar da, halaber, zer egiten duten Hondarribiak eta Zierbenak.
Oraingoz, palmaresean, Urdaibaik ditu 2004ko, 2007ko, 2008ko, 2010eko, 2016ko, 2017ko, 2018ko eta 2022ko Ligako tituluak. 2010ean, 2016an eta 2022an, gainera, Bermeoko kluba Kontxako Banderan ere nagusitu zen; hortaz, hiru aldiz erdietsi ditu bi garaipen handi horiek urte berean. Orain, laugarren aldiz egin ahal du balentria hori.
Hondarribia eta Zierbena, txapeldunak izateko aukerak baliatzen ahalegintzeaz gain, txapeldunorde izateko lehiatuko dira, eta Donostiarra ere arituko da ohorezko txandan; Oriok, Getariak, Cabok eta Lekittarrak, ordea, lehenengo txandan parte hartuko dute.
Euskotren Ligako eta Eusko Label Ligako play-offak
Eusko Label Ligako tituluaz gain, Euskotren Ligako eta Eusko Label Ligako play-offek ere jasoko dute arreta handia, asteburuan. Gaur eta bihar jokatuko dituzte, Bermeon eta Portugaleten ere bai.
Euskotren Ligako play-offean (Liga abuztuan amaitu zen, eta Arraun Lagunakek bereganatu zuen), hauek izango dira nor baino nor gehiago: Hibaika Ligako seigarren sailkatua, eta Kaiku eta Zumaia ETE Ligako aurreneko biak. Play-offean garaile irtengo den taldea 2024ko Euskotren Ligan ibiliko da, eta gainerako biak, aldiz, ETE Ligan lehiatuko dira.
Eusko Label Ligako play-offean, bost talde izango dira lehian: Santurtzi, 2023ko Eusko Label Ligako hamaikagarren sailkatua; Sanpedrotarra eta Lapurdi, KAE-1 Ligako aurreneko biak; eta Ares eta Bueu Galiziako Ligakoak. Play-offean aurreneko bi tokietan sailkatzen direnak 2024ko Eusko Label Ligan izango dira.
Gaur, Bermeon, 17:30ean hasiko da lehia, Euskotren Ligako play-offarekin; jarraian, 18:04an, Eusko Label Ligako play-offa egingo dute, eta, 18:47an, XLI. Bermeoko Ikurrina. Bihar, Portugaleten, play-offetako erlojupekoak 11:25ean eta 11:59an hasiko dira, hurrenez hurren, Euskotren Ligan eta Eusko Label Ligan, eta XLIX. El Corte Ingles Bandera 12:42an hasiko da.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa