Udal eta Foru Hauteskundeak
Itunak
Agentziak | Erredakzioa
Rajoy eta Sanchez ez omen dira itunei buruz mintzatu, eta Podemosek iragarri du buruzagi sozialistarekin egin beharreko batzarrean ez dutela akordio zehatzik adostuko.
Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez. Artxiboko irudia: EFE
Maiatzaren 24ko hauteskundeak izan eta hamar egun geroago, eta itunak oraindik airean daudela, Espainiako alderdi politiko nagusietako buruak berriz bildu dira elkarrekin, elkarrizketak bultzatzeko. Batetik, Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez batu dira, eta bestetik, Sanchezek eta Pablo Iglesiasek beste batzar bat egin dute.
Gobernuko presidenteak eta PSOEko idazkari nagusiak Albert Rivera Ciudadanos alderdiko presidentearekin izan zituzten elkarrizketen berri eman zuten hedabideek asteartean. Azken orduotan, eta komunikabideei horren berri eman gabe, Rajoy eta Sanchez Moncloako jauregian batu dira berriz. PPko eta PSOEko iturrien arabera, hauteskundeen osteko egoera aztertu dute, baina ez dira balizko itunen inguruan aritu.
Rajoyren eta Sanchezen arteko bilerak ordu eta erdi iraun du. Sanchez PSOEko idazkaritza nagusia denetik, bien arteko hirugarren batzarra izan da. Espainiako egoera politikoaren inguruko ikuspuntua azaldu omen diote bertan elkarri.
Ez dira itunen inguruan mintzatu
Gehiengo absolutuen gabeziak mapa konplexua utzi zuen azken hauteskundeetan, baina bi buruzagiek ez dute balizko itunik landu; izan ere, sozialistek ez dute Alderdi Popularrarekin inongo hurbilketarik nahi.
Bilera hasi baino minutu batzuk lehenago, Sanchezek baztertu egin du Andaluzian Susana Diazen inbestidura bermatzeko PPren “taktika bat” babestea. Trukean PPk zenbait hiriburutako gobernuak eskuratu nahi omen zituen.
Legealdia bukatu bitartean, Gobernuaren politikak guztiz aldatzea eskatu dio Sanchezek Rajoyri, ez bakarrik aurpegi edo izen aldaketa bat.
Bilera Podemosekin
Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiarekin bildu baino lehen egin du Sanchezek bisita Moncloako jauregian. Batzarra arratsaldeko azken orduan egin dute toki “neutral” batean, baina ez dute zehaztu non, eta ez dituzte komunikabideak deitu.
Hala ere, ordu batzuk lehenago itxaropenak zapuztu ditu Podemoseko zuzendaritzak, akordio zehatzik ez zutela lortuko aurreratu baitu.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa