09:51

Udal eta Foru Hauteskundeak

M24

PSErekin akordioa lortzea 'onuragarria' litzatekeela dio Ortuzarrek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Andoni Ortuzarrek esan du “hasiera batean” itunak alderdi politiko guztiekin lortzea aztertuko dutela, “erakudeen egonkortasunari eustea xede”.

1:21
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak onartu du PSE-EErekin itun bat egiteak erakunde guztietan “gobernu sendo eta iraunkorrak” lortzea ahalbideratuko lukeela. Hala ere, kanpainan zehar sozialistek egindako kritiken ondoren, PSE-EEren jarrera “zein izango den” ikusi nahi du Ortuzarrek.

PSE-EEk bere burua erakundeetatik “baztertzea” akatsa litzatekeela gaineratu du Ortuzarrek. Hala ere, Bilduren erreakzioari ere itxarongo diote jeltzaleek.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, orain hiru urte PSE-EErekin itun bat sinatu zutela gogoratu du. Akordio horrek “emaitza bikainak” eman dituela adierazi du Ortuzarrek. “Akordio horri esker, suspertze ekonomikoa azkarrago joatea lortzen ari gara”, erantsi du.

“Guretzat, PSE-EErekin akordioak izatea ondo ezagutzen dugun formula bat da, ez dugu ezkutatuko. Jakin badakigu formula horrek arazoak dakartzala, baita gauza onak ere. Horien artean, erakunde guztietan gobernu iraunkor eta sendoak eratu ahal izatea”, azaldu du.

Hala ere, kanpainan zehar, sozialistek “hainbat gauza” esan dituzte jeltzaleen aurka. “Espero dut kanpainaren ondorioz egin izana, lau boto bereganatzeko helburuarekin”.

“Gai horren inguruan PSE-EEk zer jarrera duen ikusi behar dugu orain. Interesa dut Bilduk egingo duen autokritika eta hartuko duen jarrera ere ikusteko”, adierazi du.

Minutu batzuk lehenago, Onda Vascan, Ortuzarrek esan du EAJk ez duela “aldebakarreko” negoziazioa egingo PSE-EErekin, alderdi guztiekin eseriko baita. “Aukera guztiak aztertuko ditugu”, erantsi du.

“Gure alderdiak akordioak bilatu nahi ditu, erakundeei egonkortasuna emateko. Horregatik, denen proposamenak entzun nahi ditugu”, berretsi du.

“Denekin hitz egingo dugu”, adierazi du. Udalak ekainaren 13an eratuko dituztenez, akordioak lortzeko “denbora badago”, nabarmendu du.

Ortuzarren esanetan, boto gehien jaso dituzten zerrendei dagokie negoziazioak deitzea. “Beraz, espero dugu gainerako alderdiek onartzea negoziazio eta elkarrizketak hasteko eskubidea dugula; halere, negoziazio horiek bide zuzenean eraman beharko ditugu gero, eta garrantzitsuena erakundeetan egonkortasun nahikoa lortzea izango da”, azaldu du.

Nafarroa

Nafarroan aldaketa lortzea “posible” ikusten du Andoni Ortuzarrek. “Geroa Bai eta Uxue Barkos ilusioz blai eta indartsu ikusten ditut”, gaineratu du.

“Lan zaila izango dela badakite, baina hain da onuragarria Nafarroarentzat, politikarentzat eta normalizazioarentzat, saiatzea merezi duela”, esan du.

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena