23:33

Udal eta Foru Hauteskundeak

Foru Parlamentua

Nafarroan aldaketa begiztatzen da

Iker Gonzalez | eitb.eus

UPN izan da Foru Erkidegoan emaitza onenak lortu dituen alderdia (15 eserleku), baina Geroa Baik (9), EH Bilduk (8), PSNk (7), Ahal Duguk (7) eta I-Ek (2) Parlamentuaren kolorea alda lezakete.

2:03
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hauteskunde-kanpainan iragarritako aldaketa benetan etor liteke Nafarroako Foru Erkidegora, udal hauteskundeetan lortutako emaitzak ikusita.

UPNk 15 eserleku lortu ditu Parlamentuan, orain lau urte baino lau gutxiago, eta Foru Erkidegoko alderdirik bozkatuena izan da, botoen % 98,8 zenbatuta.

Zehatz-mehatz, Javier Esparzak gidatzen duen alderdiak 90.872 boto jaso ditu (% 27,31); aurrekoetan, 2011n, 111.474 boto (% 34,48) lortu zituen.

Oposizioa, halere, anitzagoa da, eta leku gehiago hartu du aurten Ganberan; izan ere, Geroa Baik 9 ordezkari lortu ditu, EH Bilduk 8, PSNk 7, Ahal Duguk 7, I-Ek 2 eta PPNk 2.

Hortaz, UPNk lau eserleku galdu ditu, aurrekoekin alderatuta, PSNk 1, PPNk 2 eta I-Ek 1, behin betiko zenbaketaren zain.

UPN

Javier Esparza Nafarroako presidente izateko UPNren hautagaiak iragarri duenez, astelehenetik aurrera Nafarroan Gobernua osatzeari ekingo dio, eta, horretarako, alderdi guztiekin bilduko da, "EH Bildurekin izan ezik".

Esparzak agerraldi azkarra egin du UPNk hauteskunde-gaua igarotzeko aukeratu duen hotelean, eta astelehenetik aurrera Nafarroa eta nafarrak helburu dituela lan egiteko konpromisoa hartu du.

Geroa Bai

Uxue Barkos Geroa Baiko zerrendaburuaren hitzetan, "lortu dugu aldaketa; ez da erraza izan, luzea eta gogorra izan da bidea".

Hauteskunde-eguneko emaitzak ezagutu ondoren egindako agerraldi batean, Barkosek eskerrak eman dizkie "Geroa Bairen proiektua babestu dutenei".

EH Bildu

Adolfo Araiz EH Bilduren Nafarroako zerrendaburuaren esanetan, "zaila zirudien arren, lortu dugu, benetako aldaketak aukera paregabea dauka" aurrera egiteko.

Era berean, "aldaketan bidelagun izango ditugun gainerako alderdiak zoriondu nahi ditut", gaineratu du. "Buelta emango diogu Nafarroari, alfonbrak altxatuko ditugu".

Ahal Dugu

Laura Perez Ahal Dugu Nafarroako zerrendaburuaren hitzetan, "gaur hasiko da aldaketa Nafarroan", eta bere alderdiak "erakundeak pertsonen zerbitzura ipiniko ditu", gaineratu du.

Laura Perezek baieztatu duenez, "aldaketaren indarrak ustelkeriaren eta zarrastelkeriaren alderdiei gailendu zaizkie" eta "hasi den aldaketak ez du atzerabueltarik". "Lehen urratsa izan da, azaroan etorriko denaren ataria, Podemosek alderdibitasunarekin bukatzea lortzen duenean. Egin ahal da eta lortu dugu", esan du jarraitzaileen aurrean.

PSN

Maria Chivite PSNren Nafarroako presidentegaiak onartu duenez, bere alderdiak lortutako emaitza "ez da pozgarria", baina positibotzat jo du "inkestei irabazi izana".

Horren harira, lortutako eserlekuak "oso urrun daude" inkestek aurreikusitako emaitzetatik, esan du Chivitek hautagai, kargudun eta alderdiko ordezkariak ondoan zituela egindako prentsaurrekoan.

Iruzkinak

    • BILATZAILEA

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena