EAE
M24
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gainerako alderdien jarrera kritikatu du Ortuzarrek, hauteskunde kanpainan "hamabost egun eman baitituzte guri egurra ematen".
Albisteak (4)
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak aurreratu du ez dutela “inor baztertuko” Euskadin erakunde “iraunkorrak eta indartsuak” eratzeko negoziazioetan. Gainera, PSE-EEkin “akordio eta desakordio istorio luzea” dutela gogorarazi du, “eta ez dakit horrek errazago eta zailago egingo dituen negoziazioak”.
Ortuzarrek agerraldia egin du astelehen arratsaldean Sabin Etxean, foru eta udal hauteskundeen emaitzak baloratzeko EBBk egindako bileraren ostean.
Horren esanetan, herritarrek babestu egin dituzte “EAJk Gipuzkoan eta Araban aldaketaren eta Bizkaian aurrera egitearen alde egindako apustuak”. Gainera, Nafarroan boto-emaileek Geroa Bai “aldaketarako ezinbesteko” egin dutela gogorarazi du.
Testuinguru horretan, EAJk lurralde guztietan zerrenda bozkatuena kontuan izango duela azaldu du. “Emaitzek Euskadiko lidergo politikoa ematen digute, eta elkarrizketak abiatzeko erantzukizuna ere bai, ahalik eta erakunde egonkorrenak eta indartsuenak lortzeko”, esan du.
Balizko akordioak PSE-EErekin
Alderdi Sozialistarekin akordio orokorra lortzea posible ote den galdetu diotenean, bi alderdiok "akordio eta desakordio istorio luzea" dutela erantzun du buruzagi jeltzaleak. "Ez dakit horrek erraztu edo zaildu egingo duen negoziazioa", gaineratu du.
"Noski, EAJren bokazioa akordioak lortzea izango da, eta buruzagi sozialista batzuek esandakoa entzunda, badirudi baietz [posible izango dela akordioak lortzea], baina PPko eta EH Bilduko hainbat buruk ere hitz egin dute balizko akordioez", nabarmendu du.
Era beran, EAJ negoziazioak erakundez erakunde egitearen aldekoa dela aipatu du.
Ramiro Gonzalez
Bestalde, "pozik" agertu da Ramiro Gonzalez EAJren Arabako zerrendaburua jeltzaleek atzo lortutako emaitzekin (PPk baino eserleku bat gehiago izango dute Araban). Datuak ikusita, popularrak Aldunditik kentzeko “zilegitasun osoa” izango dutela azpimarratu du. Gehiengo “sendoa” lortzeko xedearekin, Arabako EAJk “ez du inor baztertuko”.
“Oso pozik gaude, Araban irabazi dugulako, eta gobernatzeko erantzukizuna izango dugulako”, adierazi du Gonzalezek Efe albiste agentziari eskainitako elkarrizketa batean.
Garaipen “estua” izan dela onartu du jeltzaleak, baina PPk baino ordezkari bat gehiago izango dutela berretsi du.
Jeltzaleek orain arte zituzten 13 eserlekuak mantentzea lortu dute. PPk 600 boto gehiago lortu dituen arren, 12 ordezkari izango ditu legealdi honetan (orain arte 16 zituen). Hirugarren tokian EH Bildu dago, 11 eserlekurekin. Ahal Duguk laugarren tokia lortu du, zortzi zinegotzirekin, eta PSE-EEk behera egin du nabarmen (9tik 5era). Irabazik eta Ciudadanosek eserleku bana izango dute Arabako Foru Aldundian.
Atzo, PPko hautagaiek euren burua “irabazletzat” aurkeztu zuten, nahiz eta EAJk baino ordezkari gutxiago lortu.
“Askatasun osoa dute nahi dutena esateko, eta euren burua nahi bezala sentitzeko. Egia dena da guk ordezkari bat gehiago izango dugula, eta demokrazian arauak onartu egin behar dira”, adierazi du Gonzalezek.
Hemendik aurrera, EAJk ordezkaritza lortu zuten alderdi “guztiekin” hitz egingo du. “Aukera guztiak dira posible”, esan du.
Donostian ere, denekin hitz egingo du EAJk
Gipuzkoako hiriburuan, Eneko Goia jeltzaleak aste honetan bertan hasiko du gainerako alderdiekin bilera sorta. “Denekin hitz egin behar dugu”, adierazi du.
Balizko itunei buruz hitz egiteko “goizegi” dela erantsi du Eneko Goiak. “Hala ere, dirudienez Donostiako hurrengo alkatea izango naiz”. EAJren alkategaiak 28.984 boto lortu zituen atzo. Bildu hiriko hirugarren indarra izango da legealdi honetan, PSE-EEren atzetik.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa